Hamar urte pasa dira Bilduk, EAJ eta Herritar Plataformarekin lortutako inbestidura akordioaren ondorioz, Lasarte-Oriako udal gobernua eskuratu zuenetik. Perspektibaz ikusita,hamarkadetako gobernu itxi eta pertsonalista baten ondoren, Bilduk demostratu zuen bazegoela gobernatzeko beste eredu bat, zintzoa, herritarrenganako hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta gardenagoa.
Baina, hitz potoloek baino gehiago, ekintzek adierazten dute benetan bakoitzak zer defendatzen duen.Bilduren ereduak herria eta herritarrak izan ditu helburu beti.Gaur Antonio Mercero Areto Polibalente den espazioak ematen digu herri honetan gobernatu duten bi eredu kontrajarrien talantea: aurreko gobernuak alkatearen bulego pribilegiatua izateko pentsatutako60m2-ko espazioa herritarren erabilerarako bilakatu zuen Bilduk.
Filosofia hori lehenengo plenotik aplikatu zuen Bilduk: politika pertsonalistekin bukatzeko, legez alkatearen esklusiboak ez diren eskumen guztiak udalbatzarrera eskualdatzeaz gain, politikarien soldatak jaitsi genituen. Honek, alkateren kasuan bakarrik, urtero 50.000 € aurreztea erakarri du udalarentzat. Miloi erdia, 10 urteetan!
Eta, hitz hutsak haratago, benetako parte-hartze eraginkorra lortzeko baliabide ekonomikoak eta pertsonalak ezinbestekoak direla sinetsita, Parte-Hartze Departamentua sortu genuen lehenengo pleno hartan. 2013an Michelin II-ko eremuan hainbat merkatalgune handiak kokatzeko proiektuaren aurrean egindako lanketa (triptiko informatiboak, aurkezpenak, inkesta…) izan daiteke Bilduk ulertzen duen parte-hartze eta gardentasunaren adibidea, Leroy Merlin-en kasuan egindakoarekin alderatuz. Tximistarreta Parkearen diseinua, auzotarren eskutik egina, da beste adibideetako bat.
Bilduren ereduan herriaren alde immaterialak berebiziko garrantzia du. Herria ez baita, bakarrik, etxe eta kaleen metaketa; herria, batez ere, pertsonak gara eta pertsonon artean sortzen diren harremanak.Zentzu honetan, jatorriz, sozio-ekonomiaz, kulturaz, generoz edo adinaz, besteak bete, oso anitza da gure herria, zorionez. Horregatik, arlo immaterial hau mimoz zaindu beharrekoa delako, ahalegin berezia egin genuen hainbat esparrutan.
Bat, festen esparrua. 2011ko San Pedroetatik bertatik, nahikoa izan zen herrian zeuden gogo eta herri ekimenei konfiantza eta aukera ematea beste garai bateko tentsio eta giro txarrak desagertzeko. Horretan sakondu eta eragileekin elkarlanean eta hitz eginez lortu zen hurrengo urteetan gerora egonkortu den eredua, non, San Pedroak izan edo Inauteriak izan, festa ulertzeko modu guztiek daukaten beren lekua.
Bi, aniztasunaren esparrua.Bilduren ustez, ezberdinen arteko elkar ezagutzatik bakarrik izango da posible guztiontzako herri bat eraikitzea. Anitzen Sarea ekimena izan zen, kohesio eta ongizatearen bidean,zubiak eraikitzeko tresna eraginkorra; zoritxarrez, hurrengo korporazioek hiltzen utzi dutena.
Hiru, bizikidetzaren esparrua. Iragan urrunak eta iragan hurbilak utzitako zauriak bizirik daude gure artean ere. Horiek baretu eta sendatzeko bidea abiatu zuen Bilduk,beste alderdi eta eragileekin batera, modu inklusiboan pauso zintzo eta irmoak emanez, sufrimendu guztien egia, aitortza eta erreparazioa ahalbideratzeko.
Eta aurreko guztia, adreiluaren krisi gogorrak utzitako egoera ekonomikoan: Aldundiari 2.400.000 € itzultzeko beharra, udaletxe berri elegante eta ez funtzionalaren azken faktura eta mobiliarioaren hornidura ordaindu beharrean, eta abar. Kudeaketa zorrotza ezinbestez; klientelismo eta handikerietatik urrun, Diru-laguntzen Arautegia sortuz dirua modu objektibo eta gardenean banatzeko, eta egoera zaurgarrietan zeuden sektoreei tasen politika aurrerakoi bat aplikatuz.
Minorian egonda ere, ezberdinekin akordioetara iristeko malgutasuna erakutsiz, Bilduk frogatu zuen kudeaketa on eta herriari begira egiteko duen gaitasuna. Eta dena, politikari profesionalik gabe, lan instituzionalaren aldia bukatzean herrigintzara bueltatzen direnak.