AKTUALITATEA


| 2021-05-26 15:42:00

Txertoen patenteak aldi baterako altxa daitezela formalki eta gehiengoz eskatzen duen Espainiako Estatuko lehen erakundea bihurtu da Senatua, EH Bilduk bultzatutako mozio bati esker. PSOEk, ERCk, EAJk, Juntsek eta Izquierda Confederal taldea osatzen duten alderdiek babestu dute Gorka Elejabarrieta senatariak defendatu duen egitasmoa, Espainiako Gobernuari eskatuz bai Europako Batasunean eta baita Munduko Merkataritza Erakundean ere liberalizazioaren aldeko jarrera sustatu eta adostu dezala. Zertarako? Txertoen banaketa, eskuragarritasuna, irisgarritasuna eta doakotasuna bizkortzeko asmoz. «Helburu nagusia baliabide gehien dituzten herrialdeek ekarpen handiagoa egitea da. Gaur bide horri ekiteko aukera dugu. Ez dezagun aukera alferrik galdu», ziurtatu du Elejabarrietak. Egitasmoak aldeko 153 botorekin, 9 abstentzio eta 103 kontrako boto jaso ditu.

Ildo horretan, COVAX mekanismoa indartzeko eskaera ere badakar gaur Senatuan onartutako mozioak, txertoak eskuratzeko aukera handiagoa duten herrialdeek ekarpen handiagoa egin dezaten baliabide gutxiago dituzten herrialdeen mesedetan; horrek aukera emango luke mekanismo horrek helburu duen «berdintasuna» lortzeko eta txertaketa prozesuaren egungo desoreka hausteko. Honela azaldu du EH Bilduren senatari eta ekimenaren bultzatzaileak: «Badakigu patenteak aldi baterako kentzea eta COVAX mekanismoa indartzea ez dela aski izango COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko. Hori bai, bi neurri horiek martxan jarri gabe oso konplikatua izango dela, ezinezkoa ez esatearren, pandemiaren epe labur, ertain eta luzeko erronkak konpontzea». 

Nafarroako eta Europako Parlamentuen ostean

Nafarroako Parlamentuak eta Europako Parlamentuak patenteak askatzeko egitasmoei argi berdea eman ostean iritsi da Senatuko mozioaren onarpena, EH Bilduren ekimenez. «Ez gara salbu egongo, guztiok salbu egon arte. Txertaketa prozesua modu parekidean eta diskriminaziorik gabe egin ezean, eta munduko txoko guztietara iristea lortzen ez badugu, herritarrentzako arriskua ez da desagertuko; bere horretan jarraituko du», adierazi du Elejabarrietak. 

EH Bilduk positiboki baloratu du mozioa onartu izana, salbuespen egoeren aurrean salbuespenezko neurriak behar direla iritzita. «Egungo osasun krisi globalak konponbide globalak eta ezohikoak behar ditu». Senatariak uste du txertoen egungo banaketa desorekatua bidegabea eta solidarioa izateaz gain, guztiontzat oso arriskutsua ere badela, erritmo mantsoak txertaketa prozesuan eragin ditzakeen ondorioak handiak direlako. Hala ohartarazi du Elejabarrietak. «Errenta ertain-altuko herrialdeetan, lau pertsonatik batek jada txertoa jaso du; errenta baxuko herrialdeetan, ordea, 500 biztanletik bakarrak».

EBn prozesua azkartzeko eskaera

EH Bildurentzat ez da nahikoa patenteak kentzea. Uste du neurri horiekin batera beste egitasmo batzuk hartu behar liratekeela, txertoen ekoizpen globala bultzatuz eta txertoen banaketa bizkortuz. «Haratago joan behar dugu». Txertoen eskuragarritasun «mugatua eta eskasa» dela aintzat hartuta, Europako Batasunean erabakiak hartzeko prozesua «azkartzeko» eskatu du, ekainaren 8an Munduko Merkataritza Erakundeak egingo duen goi-bilera baino lehen liberalizazioaren aldeko jarrera hitzartzeko.

EH Bilduren Senatuko bozeramailearen hitzetan, txertoen patenteen altxatzea «teknologiaren transferentziaren» eskutik egin beharko litzateke txertoen ekoizpena handitzeko. Horri esker, posible izango litzateke txertoen banaketa mugarik gabe egitea mundu osoan eta, garrantzitsuena, herritar guztien immunizazioa ahalik eta lasterren lortzea. «Txertoak guztion ondasun bihurtzea ekarriko luke erabaki horrek, kutsatze gehiago, heriotza gehiago eta pandemia gogortuko luketen aldaera berriak saihestuz. Funtsezkoa da txertoen ezagutza eta teknologia partekatzea».

«Mezu zuzena une egokian»

Azkenik, Indiak eta Hegoafrikak, beste 60 herrialderekin batera, patenteen liberalizazioa hiru urtez luzatzeko MMEren aurrean bultzatu berri duten egitasmoa nabarmendu du EH Bilduko senatariak. Epe hori berrikusi eta luzatzea proposatu dute, eta duela zortzi hilabete aurkeztutako ekimenean baino babes gehiago lortu dituzte. «Onartua izateko aukera gehiagorekin, beraz», txalotu du Elejabarrietak.

Egitasmo horrek are garrantzia handiagoa ematen dio EH Bilduren mozioaren onarpenari, «une egokian mezu zuzena igortzen diolako gizarteari», Elejabarrietaren hitzetan. Ezkerreko subiraniston Senatuko bozeramaileak norabide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa hitzeman du, mozioa babestu duten indar politikoen babesa eskertzeaz gain. «Ordezkatzen dudan alderdiaren eta taldearen izenean, eskerrak eman nahi dizkiet aldeko botoekin mozio honen onarpena posible egin duten guztiei», amaitu du.