AKTUALITATEA


| 2022-03-24 13:06:00

Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen inguruko jarrera aldebakarrez aldatu ondoren, Nazio Batuen eta Nazioarteko Zuzenbidearen ebazpenen aurka, EH Bilduk eta ERCk Legez besteko Proposamen bat aurkeztu dute gaur Kongresuan «konponbide politiko justu, errealista, bideragarri eta iraunkorra» lortzeko bidea elkarrizketa eta negoziazioa direla sinetsita. Horretarako, NBEren ebazpenak berretsi daitezela eta Mendebaldeko Saharan erreferendum bat egin dadila eskatu dute, gobernua estutzeko asmoz; egitasmo honen bozketak Saharari buruzko jarrera argitzera behartuko du PSOE.

Euskal Herriko eta Kataluniako talde independentisten hitzetan, Espainiako Gobernuaren jarrera berriak Marokok proposatutako bidea sostengatzea dakar bere horretan eta, hori gutxi balitz, alde batera uzten du bi aldeek onartutako irtenbide politiko adostu baterako oinarria, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenek jasotzen duten bezala. EH Bilduk eta ERCk salatu dute, gainera, erabakia aldebakarrez eta inoren iritzia aintzat hartu gabe hartu duela gobernuak: «Erabaki hau indar politikoekin hitz egin gabe hartu du PSOEk, Kongresuko gehiengo parlamentarioaren irizpidea urratuz».

 


Ondorio ekonomiko eta energetikoak

Orain arteko jarrera historikoa aldatu eta saharar herria baztertzeaz gain, Espainiako Gobernuaren erabakiak ondorio diplomatiko iragarrezinak eragin ditzake Mendebaldeko Saharan, Aljerian eta baita Marokon ere. Ezkerreko indar subiranistek salatu dute gisa honetako erabaki garrantzitsu bat ezin dela hartu gardentasunik gabe eta «Kongresuko gehiengoaren borondateari bizkarra emanda», ondorio politiko eta sozialak izan ditzakeelako. «Ezin dugu ahaztu erabaki horrek arlo ekonomiko eta energetikoan ondorio larriak izan ditzakeela», ohartarazi dute.

EH Bilduk eta ERCk irtenbide adostuaren alde egin dute hamarkadetako gatazka konpontzeko, eta Saharar herriari dagokion autodeterminazio eskubidearen aldeko jarrera berretsi dute: «Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazka bide politikoen bidez konpondu behar da, NBEren ebazpenetan oinarrituta. Nazioarteko zein Europako eragileen eta Kongresu honetan ordezkatuta dagoen gehiengo sozial eta politikoaren babesa du irtenbide horrek».