AKTUALITATEA


| 2025-06-24 09:36:00

Industria elektro-intentsiboei laguntzeko 250 milioi euroko mekanismoa berreskuratzea, elektrifikazio prozesuak arintzeko Red Electricaren plangintza malgutzea eta aldatzea, labe elektriko industrialek jasaten zuten diskriminazio fiskala amaitzea eta elektrifikazio industrialari laguntzeko finantziazioa lerro bat adostea lortu du EH Bilduk.

Neurri horiek guztiak ezinbestekoak dira euskal industriak bere oraina eta etorkizuna ziurtatzeko egin behar duen birmoldaketa industrialaren eta elektrifikazioaren helburuan aurrera egiteko. EH Bildu bat dator beharrizan horiekin, eta joan den astean Kongresuan euskal industriaren elektrifikazioa bultzatzeko mozio bat onartu ondoren, neurri eraginkorrekin zehazten hasi denaren isla da gaurko akordioa.

Urrats hori oso garrantzitsua da euskal industriak deskarbonizaziorako eta elektrifikaziorako bidea egiten jarrai dezan, baita Euskal Herriko ekonomiarentzat funtsezkoa den sektore baten oraina eta etorkizuna sendotzeko ere. Hitzartutako neurriek bultzada emango diote Euskal Herriko ehun produktibo, ekonomiko eta soziala indartzeko, etorkizuneko birmoldaketari ekiteko eta klima zein energia helburuak erdiesteko.

Hauek dira Espainiako Gobernuarekin adostutako eta Ministroen Kontseiluak gaur onartutako dekretuan txertatutako neurriak:

  1. Industria elektro-intentsiboetarako laguntzak berreskuratuko dira. 250 milioi euro bideratuko dira.

  2. Malgutu egingo da Red Electricaren plangintza, proiektu ezberdinei sarbidea emateko prozesuak bizkortzeko eta arintzeko. Bi urtean behin berrikusiko dira beharrak. Halaber, Trantsizio Ekologikoko ministerioari unean uneko aldaketak egiteko gaitasuna ematen zaio.

  3. Industria-labe elektrikoek jasaten zuten diskriminazio fiskalari amaiera emango zaio eta parekatu egingo da erregai fosilez elikatutako labeen trataera fiskalarekin. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga aldatuz egingo da.

  4. Dekretuan jasotako neurriez gain, elektrifikazio industrialerako laguntza-lerro bat martxan jarriko da, Energia Efizientziaren Funts Nazionalaren kargura.