AKTUALITATEA


| 2025-06-19 07:16:00

Euskal industriaren beharrei erantzuteko eta elektrifikazioa azkartzeko neurri sorta bat onartzea lortu du EH Bilduk Kongresuan. Mikel Otero diputatuak defendatutako mozioa gehiengo parlamentariaren sostenguari esker aurrera atera da ostegun honetako osoko bilkuran. PSOErekin adostutako erdibiko zuzenketak industriaren elektrifikazioa eta deskarbonizazioa errazteko beharrezkoak diren neurriak, mekanismoak eta araudi aldaketak bultzatzeko eskatzen du, "gas fosilaren kontsumoaren ordez elektrizitatea jartzeko neurri pizgarrietan azpimarra eginez".

Besteak beste, bi indar politikoek adostu dute sare elektrikoan inbertsioak egiteko arauak malgutzea, Red Electricaren plangintza malgutzea eta industria elektrointensiboari laguntzak berreskuratzea. Horretarako, arau-aldaketa bat azkartzea onartu du Kongresuak garraio eta banaketa sareetako inbertsio mugak handitzeko, Energiaren eta Klimaren Plana betetzeko eta industria eskari elektrikoa asetzeko, azpiegituren hedapen handiagoaren eta etxeetarako eta industriarako lehia prezioen arteko oreka bermatuz, sarearen erabilera eraginkorra maximizatzeko printzipioarekin bat eginez.

"Entxufe gehiago behar da industriaren eskaerei erantzuteko", nabarmendu du Otero diputatuak. Hain zuzen ere, eskaera industrialaren gorakada hori bat dator Espainiako Gobernuak aste honetan itzalaldi elektrikoaren arrazoiei buruz argitaratutako txostenean ateratako ondorio eta gomendioekin. Bereziki garrantzitsua da, halaber, Red Electricaren plangintza eta jarduera malgutzeko onartutako neurria, "mekanismo arinak ezarriz".

 

Industria elektrointentsiborako laguntzak berreskuratzea

Horretarako, sare elektrikoan sartzeko eta konektatzeko eskaeren araudiari buruzko irizpideak aldatzeko eskatzen da, hainbat faktore txertatuz: hala nola proiektuaren bideragarritasuna, garapen maila, balio erantsia, energia aurreztea, sektore edo enpresa estrategikoei eragitea edo eskatutako potentziaren gainean sortutako enplegua. Era berean, egitasmoak Espainiako Gobernuari eskatzen dio indartu dezala Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013, Energiaren Estatu Idazkaritzak Red Electricaren plangintzan aldaketa jakinak egiteko aukera izan dezan, behar bezala arrazoitutako ebazpenen bidez.

Onartutako mozioak, gainera, argi eta garbi ezartzen du beharrezkoa dela industriaren ekoizpen prozesuen elektrifikazioan laguntzea, CO2a isurtzeko eskubideen enkanteetatik eratorritako diru-sarreren bidez, eta industria elektrointentsiboaren lehiakortasuna bermatzeko 6/2022 Lege Dekretuaren lehen artikuluan aurreikusitako laguntzak berreskuratzea.

 

Zerga salbuespenarekin amaitzea

Halaber, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifak eta jarraibideak onartzen dituen irailaren 28ko 1175/1990 Lege Dekretua aldatzea aztertuko da, elektrizitatea oinarri duten labeen eta erregai solido, likido edo gaseosoen bidezko galdaren tratamendua parekatzeko eta potentzia instalatuaren zerga salbuespena era progresiboan amaitzeko. Aldaketa hori tokiko erakundeen parte hartzearekin egingo da, kaltetutako sektoreek aztertu ondoren.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, deskarbonizazioa lortzeko bidean garraio elektrikoko linea eta azpiestazioetan egin beharreko inbertsioak azkartzeko aukerak aztertzea galdegiten du EH Bilduren mozioak.