EH Bilduk, EAJ-PNVk, Sumarrek eta Podemosek Legez Besteko Proposamen bat erregistratu dute Kongresuan, Bardeetako Tiro eta Bonbardaketa Poligonoan jarduera militarra bertan behera uzteko eskatzeko, 75 urtez martxan egon ondoren. Ekimena datorren asteazkenean, ekainaren 10ean, eztabaidatuko da Kongresuko Osoko Bilkuran. Eztabaidak jarraipena izango du biharamunean Nafarroako Parlamentuan, bertan mozio bat eztabaidatuko baita.
Ekimenak Defentsa Ministerioari eskatzen dio errentamendu-kontratua ez berritzeko, 2028an indarraldia amaitzen denean. Taldeen ustez, data horrek aukera ematen du etapa hori behin betiko ixteko eta lurralderako bestelako etorkizun batera bidean pausoak emateko.
Halaber, poligonoa Defentsarako Lehentasunezko Intereseko Eremu izendatzen duen deklarazioa indargabetzeko eskatu dute. Era berean, Nafarroako Gobernuarekin eta Bardeetako Batzordearekin batera, birmoldaketa, sustapen ekonomikoa eta eraginpeko erakunde eta udalerrientzako behar adinako finantzaketa jasoko dituen plan bat adostea proposatu dute.
Talde sinatzaileek azpimarratu dute inguruko etorkizunak ezin duela tiro-poligonoaren presentziak baldintzatzen jarraitu. Bardeetarako bakean, jasangarritasunean eta garapen sozial eta ekonomikoan oinarritutako eredua defendatu dute.
EH Bilduk azpimarratu du tiro-poligonoa ixtea Nafarroako aldarrikapen historiko, sozial eta instituzionala dela. 75 urteko jarduera militarraren ondoren, frankismotik jasotako eta, nafarren borondatea kontutan hartu gabe hamarkadetan mantendutako inposizio bati amaiera emateko unea iritsi da.
Bardeek gerraren zerbitzura egoteari utzi eta bizitzaren, lurraldearen eta bertako herritarren zerbitzura egon behar dute. EH Bilduk 2028an kontratua amaituko dela baliatzeko eskatu du, benetako desmilitarizazio-prozesu bati ekiteko. Prozesu horrek behar adinako baliabideak izan behar ditu eraginpeko erakunde eta udalerrientzako alternatiba ekonomikoak, sozialak eta lan-arlokoak bermatzeko eta poligonoaren inguruan sortutako mendekotasuna gainditzeko.
Gerra-eskalada betean, EH Bilduk bakearen eta desmilitarizazioaren aldeko apustua berretsi du. Baliabide publikoek bizitzaren eta herritarren ongizatearen zerbitzura egon behar dute, ez gerraren zerbitzura.