AKTUALITATEA


| 2024-10-22 14:41:00

Urtebete igaro da Israelek Palestina inbaditu zuenetik, eta urriaren 16an argitaratutako UNRWAren azken txostenak datu beldurgarriak utzi ditu: 40.000 hildako eta dozenaka mila zauritu baino gehiago eragin dituzte Israelen eraso onartezinek. Palestinako herritarren aurkako genozidioaren aurrean, EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak presazko neurriak hartzeko exijitu dio gaur Jose Manuel Albares Atzerri Ministroari, “Israelek nazioarteko legedia, nazioarteko erakundeak eta haien ordezkariak errespeta ditzan”.

“Zer neurri bultzatuko ditu ministerioak Palestinaren aurkako genozidioa geldiarazteko eta Sanchezek esan bezala 'Netanyahuk eskualdean ordena berri bat indarrez inposatzeko duen asmoa saihesteko'?”, galdetu dio Elejabarrieta senatariak astearte honetako kontrol saioan.

“Planeta osoan milioika dira genozidio honen aurka ahotsa altxatu duten pertsonak. Euskal Herria ez da salbuespena, eta atzo milaka herritarrek protesta egin zuten udalen aurrean”. Egoeraren larritasunaz ohartarazi du bozeramaile subiranistak, Palestinan egunean batez beste 130 pertsona hiltzen baitituzte. "Hemiziklo honen erdia, hain justu. Egunero, 12 hilabetez baino gehiagoz. Bai, gaur ere bai", salatu du.

 

Ministroren erantzuna

Elejabarrietaren galderaren aurrean, Albaresek jakinarazi du urriaren 7tik ez dituztela Israeli armak esportatzeko lizentziarik eman, ez dutela Israel helmugatzat duten arma ontzien eskalarik baimendu, eta aurretik emandako lizentziak gertutik monitorizatzen dituztela, "armarik garraiatzen ez dutela ziurtatzeko".

Albares ministroak gehitu du Ekialde Hurbilak "ez duela arma gehiago behar, bake gehiago baizik", eta gogoratu du Espainiak bat egin duela Hegoafrikak Nazioarteko Zigor Auzitegian jarritako salaketarin Zisjordaniako kolono israeldarrei ere zigorrak ezarri dizkietela.

 

Ezin da denbora gehiagorik galdu

Horregatik, eta Palestinako Estatuaren aitortza urrats positibotzat jo arren, Elejabarrietak kexu agertu da eta argi utzi du "orain arte egindako ezer ez dela nahikoa izan". Europako Kontseiluaren azken bileran, Sanchez presidenteak Europako Batasunak Israelekin dituen akordioak berrikustea eskatu zuela gogorarazi du senatariak, eta lehenbailehen egiteko deia egin du: “Ezin dugu denbora gehiago galdu, orain arte egindakoa ez baita nahikoa izan. Horretan ados gaude. Ez gara gai izan basakeria honekin amaitzeko. Sarraski hau gelditzeko ordua da”.

Horrez gain, Elejabarrietak salatu du Israelek pertsona 'non grata' gisa izendatu duela Antonio Guterres NBEko Idazkari Nagusia. Urriaren 1ean Libano hegoaldea inbadituz, Netanyahuk "beldurraren politikari beste buelta bat" eman diola ohartarazi du, Libanoren subiranotasun nazionalaren eta nazioarteko zuzenbidearen "urraketa onartezina" gauzatuz.

 

Armen salmenta eteteko deia

"Netanyahu, bere inpunitatean babestuta, Libanon bakea lortzeko misioan dagoen Nazio Batuen Behin-behineko Indarrari (FINUL) eraso egiten ere ausartu da, bertako kide batzuk zauritu ditu eta Libanotik alde egiteko mehatxua egin die. Indar horiek, gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuko jeneral batek gidatzen ditu", gaineratu du.

Pedro Sanchez presidenteak nazioarteko komunitateari «Israelera armak bidaltzeari uzteko» egin duen deiaren harira, EH Bilduko senatariak xehetasun gehiago eskatu dizkio ministroari: "Zer neurri eraginkor hartuko dituzte Espainiako Estatuak eta EBeko Estatu kideek Israeli arma gehiagorik ez saltzeko?".