Uztailaren 22an 90 urte beteko dira Otxandioko bonbardaketatik. Ángel Salas Larrazábal, hegazkinetako bateko pilotua eta erasoaren arduradun nagusietako bat, Espainiako Estatuak saritua izan zen gerora, domina, ohorezko igoera eta bestelako aitortza ofizialekin.
EH Bilduko Gorka Elejabarrieta, Idurre Bideguren eta Josu Estarrona senatariek Espainiako Gobernuari zuzendutako bi galdera erregistratu dituzte Senatuan, aitortza horien irismena ezagutzeko eta horiek kentzea galdatzeko. Zehazki, EH Bilduk jakin nahi du Gobernuak Salas Larrazábali emandako zenbat kondekorazio, domina, sari, ohorezko igoera eta bestelako aitortza ofizialen berri duen. Era berean, oraindik indarrean daudenak noiz berrikusi edo kentzea sustatzeko asmoa duen zehazteko eskatu dio, indarrean dagoen legedia eta Memoria Demokratikoaren Legea aplikatuta.
EH Bilduk aurreko urteetan sustatutako galdera eta ekimenen ondorioz, Memoria Demokratikoko ministroak kondekorazio horiek kentzeko konpromisoa hartu zuen. Hala ere, Gobernuak oraindik ez du emandako hitza bete. Indar subiranistaren iritziz, ez da bateragarria bonbardaketaren biktimak omentzea eta, aldi berean, Estatuak erasoaren arduradun nagusietako bati emandako ohoreei eustea. EH Bilduk egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen ditu Otxandiorentzat.