AKTUALITATEA


| 2022-04-05 13:32:00

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak Pablo Gonzalez kazetariaren egoera kezkagarri eta onartezinari buruz galdetuko dio biharko kontrol saioan Pedro Sanchez presidenteari; Euskal Herriko kazetaria hilabete bat baino gehiago darama atxilotuta eta inkomunikatuta Polonian. "Jarrera argia eta irmoa izan dezala eskatuko diogu", zehaztu du Aizpuruak. EH Bilduko diputatuak kazetariaren atxiloketa politikoki salatzeko eta Poloniari kargu hartzeko eskatuko dio Sanchezi, laguntza kontsularra bermatzea ez baita nahikoa talde subiranistaren irudiko. Oinarrizko eskubideen aurkako eraso honen aurrean, irmo erantzutea espero du Aizpuruak: "Espainiako Gobernuak ezin du beste alde batera begiratu: Polonia presionatzeko betebeharra du Pablo Gonzalez kazetaria aske utz dezaten ahalik eta azkarren".

Gaurko prentsa agerraldian, Aizpuruak gogoratu du Ukrainako gerraren ondorioen berri eta errefuxiatuen iritsierari buruz informatzen ari zenean atxilotu zutela Pablo Gonzalez, "espioitza delitua" leporatuta: "Sinestezina eta zentzugabea da aldi berean Errusiarentzat espioitza lanak egiten ari dela esatea Errusian jaioa izateagatik eta nazionalitate bikoitza izateagatik". Hilabete honetan zehar, euskal kazetariak ezin izan du hitz egin ez familiarekin, ezta konfiantzazko abokatuarekin ere. Hori gutxi balitz, familiak bidali dizkion gutunak ere ez dizkiote entregatu Gonzalezi. "Eskandalu onartezin baten aurrean gaude, Europako Batasuneko herrialde baten gertatzen ari dena. Poloniak Giza Eskubideen Gutunaren 18 artikulu urratu ditu eta prentsa zein informazio askatasunaren aurka egin du", salatu du ezkerreko talde subiranistaren ordezkariak.

 

Kexa formala helarazteko deia

Poloniako erakundeen irregulartasunen aurrean, EH Bilduk uste du Espainiako Gobernua ezin dela mugatu soilik laguntza kontsularra eskaintzera. Aizpuruaren hitzetan, bada garaia Espainiako Estatuak Poloniako agintariei kexa formala helarazteko: "Pablo Gonzalezek 36 egun daramatza inkomunikatuta, eta denbora honetan konpromiso politiko falta izugarria sumatu dugu agintari publikoen partetik. Eskandalua iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzako zein Poloniako erakundeek ahotsa ez altxatzea injustizia honen aurrean".

Berriki, Pablo González Espainiak Polonian duen kontsularekin biltzeko aukera izan du, eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroa ere bitan bildu da Poloniako Atzerri ministroaren gai honetaz jarduteko. Hala ere, orain arte eginiko kudeaketek ez dute lortu Poloniako Fiskaltza estutzea eta atxiloketaren gaineko sekretua altxaraztea. EH Bilduk salatu du Poloniak oztopoak besterik ez dituela jarri Gonzalezek ez dezan bere abokatuarekin eta senideekin hitz egin: oraindik ere preso dago inkomunikatuta eta erabateko indefentsioan, babesik gabe.