AKTUALITATEA


| 2021-09-15 11:36:00

Pandemiaren ondorioek buruko osasun arazoak areagotu dituztela eta, ezkerreko subiranismoaren kezka eraman du gaur Kongresuko kontrol saiora Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren Arabako diputatuak. Azaldu duenez, gaur-gaurkoz, suizidioa da Hego Euskal Herriko heriotza-kausa nagusietako bat, urtean 200 heriotza baino gehiago eragiten baititu: Hego Euskal Herrian lau herritarrek egiten dute beren buruaz beste astero, eta Espainiako Estatuan 10 kasu gertatzen dira egunero.

"Zer egingo du Espainiako Gobernuak osasun mentaleko arazoen gorakada handiari aurre egiteko?". Ruiz de Pinedok Carolina Darias Osasun ministroari ohartarazi dio osasun mentalari aurre egiteko osasun sistemak gabezia larriak dituela giza baliabideetan eta baliabide ekonomikoetan; haren hitzetan, kasuen gorakada handia ez da behar bezala artatzen ari. "Osasun sistema ez dago osasun mentaleko arazoen hazkundeari erantzuteko prest", ziurtatu du. Horretarako, osasun mentala zaintzearen eta politika publikoen erdigunean jartzearen alde egin du EH Bilduko diputatuak: "Lehentasuna izan behar du: prebentzioa, arakatzeak, baliabide gehiago eta arreta integrala".
 

Errealitate kezkagarria


Ruiz de Pinedok "oso kezkagarritzat" jo du egoera, urte eta erdiko pandemiak eta etengabeko estresak eraginda. "Antsietate, depresio, suizidio saiakera eta, azken finean, sufrimendu patologiak areagotzen ari dira gurean". Diputatuak salatu duenez, COVID-19ren harira osasun mentalera bideratutako estrategia bereziak "oso mugatuak" izan dira, eta gaiari "alor publikotik" heltzeko apustua egin du. Ruiz de Pinedok Daria ministroari "promesak betetzeko eta lehenbailehen jarduteko" exijitu dio.

PSOEk eta Union Podemosek adostutako gobernu programan Osasun Mentalaren Estrategia eguneratzeko konpromisoa hartu zutela gogoratu du Ruiz de Pinedok, eta Pedro Sanchezek berak joan den martxoaren 17an jokabide suiziden prebentziorako estrategia bat garatzeko asmoa adierazi zuen. Gaur egun, ordea, ez da urrats sendorik egin arlo horretan. "Herritarrek ezin dute gehiago itxaron, ministra andrea", adierazi du Ruiz de Pinedok.