Mario Zubiaga EH Bilduko senatariak Nafarroako Forua Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren erreforma irmo defendatu du gaur. Zubiagak azpimarratu du erreforma beharrezko neurria dela, Nafarroaren eskaera historikoari erantzuten diona eta Foruzaingoari trafikoaren gaineko eskumena itzultzea helburu duena, frankismo garaian kendu zioten ahalmena.
Zubiagak adierazi duenez, erreforma horren aldeko argudioa hain da argia, ezen ez baitu zentzurik eztabaida gehiago luzatzea, eta PPren "amorrualdia" salatu du, erreforma parlamentu-beto baten bidez blokeatzeko saiakera ere EH Bilduk lortutako akordioa bete dadila saihesteko. “Beto hori laster gaindituko da Kongresuan, eta erreforma indarrean sartuko da. Espero dezagun epe laburrean izatea. Era antzuan luzatutako izapidea da hau", adierazi du.
Berdinetik berdinerako harremana
EH Bilduko senatariak azaldu duenez, eskuinaren desitxuraketez gain, erreformaren helburua Nafarroaren eskumen historiko bat berreskuratzea da, eta trafikoaren eskumena Foruzaingoari itzultzea: "Estatuko eskuinak, ordea, errealitatea desitxuratzen jarraitzen du, eztabaida politikoa lokazteko helburu bakarrarekin".
Senatariak berretsi egin du EH Bilduk Nafarroako eskumen historikoen defentsarekin eta subiranotasun osoa lortzearekin duen konpromisoa. "Subiranotasun hori, egoera historiko zehatz eta oso zehatz honetan, foru berezitasuna aitortzean oinarritu beharko da, Estatuarekin berdinen artean benetako harremana izatearen esparruan". EH Bilduren aburuz, Nafarroako autogobernua dagokion lekuan jartzeko garaia da, hau da, Nafarroa bertako herritarrek une historiko bakoitzean askatasunez erabakitzen duten lekuan jartzeko garaia.