1976ko martxoaren 3an Zaramaga auzoan (Gasteiz) gertatutakoei buruz galdetu dio gaur Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak Memoria Demokratikoko ministroari, eta lehenbailehen hiru urrats emateko eskatu dio: ikerketa ofizial sakona abiatzea, oraindik gordeta dituzten artxiboak berehala irekitzea, eta, sarraski honekiko Espainiako Estatuak duen arduraren aitorpen publiko eta espresua egitea.
Lanuzte orokor eguna zen, eta ehunka langile San Frantzisko elizan zeuden, batzar batean. Polizia Armatuak gas negar-eragileak eta istiluen aurkako materiala erabili zituen eraikina husteko; gasarekin itotzen ari ziren pertsonak ihes egiten saiatzen ari ziren momentuan, agenteek jipoika hartu zituzten, eta modu indiskriminatuan egin zien tiro langileei. Bost langile hil zituzten, eta ehunka zauritu.
Senatari subiranistak azpimarratu du gertatutakoaren larritasuna polizia-arteko komunikazioetan ere agerian gelditu zela: “Hemos contribuido a la paliza más grande de la historia… Aquí ha habido una masacre… De verdad, una masacre” esan zuten, literalki. Elejabarrietaren iritziz, egia ofizialaren faltak eta erakundeen isiltasunak, biktimentzat eta haien familientzat gutxieneko justizia eta erreparazioa eragozten jarraitzen dute berrogeita hamar urte eta gero.
“Urteurrenaren bueltan egingo diren omenaldiez harago, ardurak hartzeko ordua iritsi da”, azpimarratu du senatariak, eta Espainiako Gobernuak ukapenaren jarrerari eustea onartezintzat jo du, eta beste Estatu batzuek antzekoak diren gertakarien aurrean urrats argiak eman dituztela ohartarazi. Ildo horretan, Derryko Igande Odoltsua (1972) aipatu du; Britainia Handiko Gobernuak deklarazio ofiziala egin zuen kasu horretan, ikerketa publiko bat egin ostean.
Halaber, ministroari interpelazioa egin dio beste testuinguru batzuetan erantzukizun historikoak aitortu dituzten bitartean, frankismoarekiko modu inkoherentean jokatzeagatik: “Nola da posible zure gobernuak Errege Katolikoek egin zutenagatik erantzukizuna sentitzea, eta ez Frankismoak egin zuenagatik?”.
Amaitzeko, Elejabarrietak egutegi eta konpromiso zehatzetan oinarritutako erantzuna eskatu du. “Justizia egiteko garaia da”, azpimarratu du.