AKTUALITATEA


| 2026-02-11 10:29:00

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen agerraldia baliatu du “konplexurik gabe” ofentsibara pasatu dadin eskatzeko. Legegintzaldiari norabide aldaketa argi bat emateko momentua dela azpimarratu du: gehiengo herritar eta langilearentzat eskubide sozial, ekonomiko eta laboralen indartze berri bat bultzatzeko, eta bide orri plurinazional eta demokratiko ausart batekin aurrera egiteko eskatu dio.

Aizpuruak ohartarazi duenez, Gobernu aurrerakoi baten betebeharra ez da “ezkerreko indarrak konbentzitzea eskuineko politikak onartu ditzaten”, baizik eta eskuinekoak konbentzitzea justizia sozialekoak diren neurriak onartu ditzaten. Zentzu horretan, “ultraeskuina dator” argudioak jada ez duela balio azaldu du, eta Sanchezi exijitu dio “berandu baino lehen” ekiteko.

 

Familia zaurgarrien babesa

Era berean, eskuineko alderdiek azken asteotan Ezkutu Soziala mantentzearen aurka daudela justifikatzeko botatako gezurrak deseraiki ditu Aizpuruak. "Igo zaitezte hona, izan zaitezte ausartak eta esan ezazue argi eta garbi familia babesgabeak etxegabetu nahi dituzuela, jabeen interesak aurretik daudela uste duzuelako", interpelatu ditu PP, EAJ eta Junts, hemendik aurrera gertatuko diren etxegabetzeen erantzukizuna beren gain hartzeko eskatuz.

Bozeramaile subiranistak gogorarazi du gizarte zerbitzuek izendatzen dituztela familia horiek zaurgarritzat, eta etxegabetzeak bertan behera uztea epaile batek erabakitzen duela, ez administrazio publikoek. Gainera, nabarmendu du gezurra dela jabeek alokairuaren errenta jasotzeari uzten diotela maizterrek errenta ordaintzen ez badute: konpentsazio funts bat dago horretarako, Estatuaren finantzaketarekin hornitua eta autonomia-erkidegoek zuzenean kudeatzen dutena. "Beraz, batzuek ez badituzte errenta horiek jasotzen, eskuinekoek esaten duten bezala, gobernu autonomikoek haien betebeharrak bete ez dituztelako da. Haien ardura da".

Aizpuruak ohartarazi du Espaniako Gobernuaren ardura dela neurri horiek defendatzea eta desinformazioari aurre egitea: "Ekin berandu izan baino lehen". Amaitzeko, berretsi du EH Bilduk "faxismoaren aurkako harresia izaten jarraitzeko eta Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzeko" lanean jararituko duela.