AKTUALITATEA


| 2025-12-22 07:55:00

2026. urte osoan ezkutu soziala mantentzea adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Ministroen Kontseiluak datozen egunetan onartuko duen neurri sozialen dekretuak, gutxienez, ezkerreko talde subiranistarekin hitzartutako neurri hauek jasoko ditu: bizitoki alternatibarik ez duten familia zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea; oinarrizko hornidurak (argia, ura eta gasa) mozteko debekua mantentzea; eta bonu sozial elektrikoa luzatzea. Neurri horiek guztiak abenduaren 31n bertan behera geratu behar ziren, eta, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker, gutxienez 2026 urte osoan egongo dira indarrean.

Neurri sozial sakon horiei eustea lan diskretu eta etengabearen emaitza dela nabarmendu du EH Bilduk. Lortutako akordioari balioa eman dio ezkerreko talde subiranistak, azken asteotako negoziazio gogorrek fruituak eman baitituzte. Baita eragile sozial anitzen presioek ere. "Ezkutu sozialak oinarrizko hiru zutabeak bilduko ditu, gehiengo sozialek eta hainbat kolektibok aspalditik eskatzen zituztenak", txalotu du Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak.

Ezkerreko talde subiranistaren arabera, neurri horiek oinarrizko babesa emango diete milaka etxe eta familiari, Euskal Herrikoei zein Espainiako Estatukoei, eta ziurtasuna eta lasaitasuna eskainiko diete zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei eta familiei. "Akordio honekin berriro ere ekintzekin erakusten dugu euskal herritarren eta Estatuko eta bertako herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko daukagun borondatea. Ildo horretan jarraituko dugu lanean legealdi honetan", azaldu du Aizpuruak.

Hurrengo hilabeteetan ere neurri sozialen hobekuntzan aurrerapausoak emateko eta lan, elikadura eta etxebizitza eskubideak bermatzeko eta duintzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk, horiek baitira bizitza duina aurrera eramateko ezinbesteko oinarriak. "Zarata gutxi eta lan asko".