AKTUALITATEA


| 2022-01-17 15:43:00

Martxoaren 3ko eta 1978ko sanferminetako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela onartu eta ordu gutxira, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Rodolfo Martin Villa Barne ministro ohiaren agerraldi eskaera aurkeztu du Kongresuan. EH Bilduk «oso larritzat» jo ditu Villaren adierazpenak, eta Nueva Economía Forum gosari informatiboan egindako aitorpen publikoari buruzko azalpenak galdegin dizkio Kongresuan.

Ezkerreko indar subiranistak, oro har, gaurko hitzetik harago joan nahi du, Martin Villak 70ko hamarkadako «krimen larrietan eta giza eskubideen urraketetan izandako parte hartze eta inplikazio zuzena» ezagutzeko asmoz: besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia (Zaramagako elizan greba mugagabean itxita zeuden 5 langile hil zituen Poliziak) eta 78ko sanferminetan Poliziak tiroz hildako German Rodriguezen kasua daude krimen horien artean.

 

Zigorgabetasuna Trantsizio 'eredugarrian'

Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako diputatuak eta Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako diputatuak sinatutako eskaerak bi helburu nagusi ditu: gertakari horiek behingoz argitzea eta Trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketen erantzule zuzenek duten inpunitatearekin amaitzea. «German Rodriguezen hilketa eta Martxoaren 3ko sarraskia haren agintaldian zehar gertatu ziren. Martin Villak orain lasaitasun horrekin hitz egiteak agerian uzten du zigorgabetasunak justizia garaitu zuela eta ez zela benetako hausturarik izan frankismoarekin», salatu du Pozueta diputatuak, eta «gaur inoiz baino gehiago» ahaztutako biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko eguna dela ziurtatu du. «Trantsizio 'eredugarria' justifikatzeko eta haien irudia garbitzeko ahaleginen aurrean, ez dugu onartuko biktimak ahanzturara eta zigorgabetasunera kondenatzea. Martin Villaren hitzek euskal herritarrek eta biktimek aspalditik zekitena berresten dute», gaineratu du Ruiz de Pinedok.

Ildo berean, ezkerreko indar subiranistak azalpenak eskatu dizkio Felix Bolaños ministroari, gobernuak Memoria Demokratikoaren alorrean hitzemandako konpromisoari erantzunez hartuko dituen neurri politiko eta legalen berri eman diezaien talde politiko guztiei. EH Bilduren arabera, Martin Villa ministro frankista ohiaren hitzen aurrean gobernuak daukan jarreraren berri emateko balioko luke Bolañosen agerraldiak; adierazpen horietan, bere agintaldian gertatutako krimen larrien, giza eskubideen urraketen, torturen eta giza hilketen «erantzule politiko eta penala» dela onartzen du Martin Villak.