AKTUALITATEA


| 2024-06-19 07:11:00

Hauteskunde zikloa eta Kataluniako jazarpen aroa amaituta, legealdia berriro hasteko eta aukera probesteko deia egin dio EH Bilduk Pedro Sanchezi, euskal gizarteak eta Estatuko sektore aurrerakoiek eskatzen dioten demokratizazio eta eraldaketa sozialeko genda bizkortzeko. EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak uste du orain bai baldintzak betetzen direla gehiengo plurinazionalak espero dituen aldaketak abiadura eta sakontasun handiagoarekin onartzeko. "Legealdia azkartzeko eta aukeraren leihoa aprobetxatzeko unea da".

EH Bilduri emandako erantzunean, legegintzaldian aro berri bat irekiko dela onartu du Sanchezek, eta "berriz hasteko prest" agertu da. Espainiako Gobernuko presidenteak azken hilabeteetan onartutako neurrien berri eman du kontrol saioan, eta Aizpuruak zehaztasun falta leporatu dio: "Iraganaz hitz egiten duzu gehienetan. Egindakoaz mintzatzen zara, ez etorkizunean egingo duzunaz. Legealdiko jarduera oso murritza izan da orain arte".

Erregenerazio demokratikoa lortzeko neurri sortarekin batera, Aizpuruaren iritziz, fase berriak eskubide sozial eta ekonomikoetan aurrerapenak ekarri beharko lituzke, eztabaida plurinazionalari ausardiaz ekiteaz gain. Hala ere, bozeramaile subiranistak ez ditu alde batera utzi legealdi honetako zailtasunak: "Badakigu aritmetika zaila dela, eta inbestidura blokeko indar batzuek langileen interesengandik urrun dauden neurriak defendatzen dituztela".

 

Ezkerreko politika sakonak

Aizpuruak gogorarazi du euskal herritarrek babes historikoa eman diotela EH Bilduri azken hauteskundeetan; baita PSOEri ere, neurri txikiagoan bada ere. "Bi arrazoi nagusirengatik babestu gaituzte herritarrek: ultraeskuina gobernuetara ez iristeko eta agenda sozial eta plurinazionala abian jartzeko. Baita hemen ere". Ezkerreko talde subiranistak nabarmendu du lehenengo helburua, oraingoz, beteta dagoela, baina bigarrena zintzilik dago oraindik. "Gehiengo sozialarentzat eskubide eta askatasun berriak lortzeko eta gatazka politiko nazionalei konponbide demokratikoak emateko ordua. Hori da gehiengo honengandik espero dena eta oraindik gertatu ez dena".

"Gure eginkizuna, ezkerreko indar plurinazional gisa, harago joateko lan egitea eta bultzatzea da; horregatik, uste dugu badela garaia eraldaketa sozialeko agenda sakona bizkortzeko eta demokratizazioaren bidean neurri irmoak hartzeko. Ez da nahikoa eskuinaren aurrean itxurak egitea. Eskuinaren aldean desberdina izan behar da, eta hori ezkerreko ekintzekin, politikekin eta erabakiekin egiten da", ohartarazi du Aizpuruak.