AKTUALITATEA


| 2022-11-15 18:37:00

Lan istripuek edo gaixotasun profesionalek eragindako lesio iraunkorren kalte-ordainak eguneratuko ditu Espainiako Gobernuak 2011ko abendutik 2022ko abendura metatutako KPIa oinarri hartuta. Hala iragarri du Gizarte Segurantzako ministro Jose Luis Escrivak Senatuko kontrol saioan, Idurre Bideguren senatariak eginiko interpelazioari erantzunez.

Igoera %20 ingurukoa izango dela zehaztu du ministroak eta, orotara, 14.000 pertsonari egingo die mesede Espainiako Estatuan. Araudi aldaketa ministerioaren agindu baten bidez egingo dela azaldu du Escrivak, datorren urtearen hasieran indarrean sar dadin. «Kaltetuei dagokien eskubide bat da. Justiziazkoa da horri ahalik eta azkarren erantzuntea, bereziki neketsuak diren lanbideetan gertatzen diren egoerez ari garelako hizketan», ziurtatu dio EH Bilduko senatariari.

Kalte-ordain horren zenbatekoa baremo baten arabera finkatuta dago 1969az geroztik, eta urteotan hainbat alditan eguneratu dute. Azkenekoz 2013an, KPIaren bilakaera kontuan hartuta. Ordutik, baina, gobernuak ez du inolako igoerarik ezarri. Baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak dituzten pertsonen kalte-ordainak 9 urte egon dira izoztuta; bitartean, zirkulazio istripuak izan dituztenen kalte-ordainak sistematikoki gaurkotu ditu gobernuak.
 


Kalte-ordain egoki eta proportzionatua biktimei

Senatari subiranistak txalotu egin du ministroak drama horri erantzuteko egindako iragarpena, uste baitu garrantzitsua eta beharrezkoa dela baremoa eguneratzea eta hobetzea: «Behin lan istripuak edo laneko gaixotasunak identifikatuta, langileek jasotzen dituzten kalte-ordainak nahikoak izan behar dira eragindako kaltea arintzeko. Jurisprudentziak adierazten du kalte-ordainak egokia, proportzionatua eta nahikoa izan behar duela galera guztiak konpontzeko edo konpentsatzeko. Asko dago egiteko oraindik».

Bidegurenek azken hamarkadako izozteak eragindako lesioen hainbat adibide jarri ditu bere hitzaldian, hala nola, ankilosia, hatz baten galera, artikulazioen zurruntasuna edo ahotsean, ikusmenean edo belarrian eragindako alterazioak: «40 urtez zarata handiz lan egin duen 60 urteko gizon batek audifono bat behar du orain, nork jar dezake zalantzan bere lanak eragindako lesioa dela? Edo 60 urteko emakume baten kasua: bizitza osoa portuan lanean daramana sareak josten eta eskumuturreko ankilosia edo artikulazioetako arazoak dauzkana. Kasu batzuk oso nabarmenak dira, jaun-andreok, denok ezagutzen dugu kasuren bat. Kasu horiek ikusezin bihurtuz arazoa ez da desagertuko. Beraz, lanak eragindako gaixotasunak azaleratzen lagunduko duten neurriak behar dira».
 

Lan istripuen gorakada

Lan istripuen datu kezkagarriek bultzatu dute EH Bildu arazo hau mahai gainean jartzera. Lan arriskuen prebentzioan aurrerapenak eman diren arren, ez da lortu lan istripuen gorakada iraultzea, Europako beste herrialde batzuetan bezala. 2020an izan ezik (pandemiaren ondorioz enpresen jarduerak eten egin ziren), lan stripuen joerak goranzkoa izaten jarraitzen du; are gehiago, Espainiako Estatuko egoera Europako Batasuneko herrialde gehienak baino okerrago da.

Eurostaten arabera, Europako herrialdeen zerrendan lehen postuan dago Espainiako Estatua hilgarriak ez diren eta 3 lanalditik gorako bajak eragiten dituzten lan istripuei dagokienez. Eta Euskal Herria ez da salbuespena: Hego Euskal Herriko intzidentzia tasak Espainiako Estatuko batez bestekoaren gainetik daude. Lan istripuak eta gaixotasun profesionalak EBko BPGren %3,3 baino gehiago dira urtero.