Senatuak aste honetan eztabaidatuko du Irun eta Hendaia arteko mugako kontrolen indartzea salatzeko eta bizi den drama humanitarioari irtenbide bat topatzeko EH Bilduk aurkeztu duen mozioa. Arrazagatiko kontrolen eta presio polizialaren ugaritzeak migrazio-fluxuen tapoi efektu arriskutsu bat sortu duela ohartarazi du EH Bilduk; azken urtean Euskal Herrian hildako bederatzi migranteak dira horren ondorio larriena, Idurre Bideguren senatariak gogorarazi duenez. Azkena, iragan ekainaren 18an: Gineatik zetorren 25 urteko gazte bat zendu zen Bidasoa ibaia gurutzatzen ari zela.
Egoera lazgarri horren aurrean, esku hartzea erabaki du EH Bilduk. Etzi eztabaidatuko den mozioaren bidez, Espainiako Gobernuari eskatuko dio kezka eta konpromiso irmoa ager dezala Irun eta Hendaia artean bizi den krisi humanitarioaz. Migrante eta errefuxiatuentzat korridore humanitario seguruak sortzea galdegingo du ezkerreko talde subiranistak, Europako erakundeekin elkarlanean. Era berean, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du Espainiako Gobernuak Frantziako instituzioen eskutik lankidetzan aritzea partekatutako mekanismoak garatzeko, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren aurkakoak diren edozein motatako arraza, kolore, jatorri edo identitate jokaera baztertzaileak saihesteko.
8.115 pertsona baino gehiago izan dira artatuak
Azken urteotan, bai Gipuzkoa eta baita Lapurdi ere zonalde garrantzitsu bilakatu dira migrazioari dagokionez, Afrikatik iristen diren pertsonentzat nahitaezko igarobide bihurtu delako. Haien bidaiarekin jarraitzeko helburuarekin heltzen dira gehienak euskal lurretara, bizitza duin baten bila, Frantziako Estatura edota Europa iparraldera iristeko asmoz.
Frantziako Estatuak Europar Batasunaren baitako mugikortasun askerako zonalde batean ezarri duen arrazagatiko kontrol finkoen ondorioz sortutako krisi humanitarioak bultzatu du EH Bildu mozioa aurkeztera. Bere garaian, neurri hori argudiatzeko balizko “alerta terrorista” erabili zuten Frantziako erakundeek, eta pandemiak sortutako osasun egoeraren aitzakiapean, Europar Batasunetik kanpoko herritar guztiei sarbidea debekatu zitzaien. Aitzitik, egungo egoera honakoa da: Frantziako Poliziak pertsona arrazializatuei baino ez die sarbidea ukatzen; are gehiago, pertsona horiek atzematen dituztenean, mugaz bestaldera itzultzen dituzte berehala, migratzaile eta errefuxiatuei bakarkako asilo prozesu bat jasotzeko dagokien eskubidea ukatuz.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako datuen arabera, Irun eta Hendaia artean 8.115 pertsona artatu zituzten migratzaileen arretarako baliabideen bidez 2021ean; azken lau urteetako datu altuena da.