AKTUALITATEA


| 2024-02-16 11:25:00

Euskara, katalana eta galegoa administrazio publikoaren digitalizazioan txertatzeko konpromiso irmoa har dezala eskatuko dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari. Hain justu, Senatuko bozeramaileorde Idurre Bideguren izan zen otsailaren 8an iniziatiba hartu eta, interpelazio bidez, neurri zehatzak eskatu zizkiona Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministro Jose Luis Escrivari hiztun guztien hizkuntza eskubideak berma daitezen.

Interpelazio horren ondorioz, Senatuak datorren asteazkenean eztabaidatuko du EH Bilduren mozioa, eskaera hori garatu eta hizkuntza ofizialak administrazio publikoaren digitalizazio planaren erdigunean egon daitezen. "Pausoak eman behar dira hizkuntza aniztasuna errespetatu eta eremu digitalera egokitzeko", ohartarazi du Bidegurenek.
 

Tramiteak hizkuntza guztietan

Zehazki, aurkeztutako mozioak bi eskari nagusi dauzka. Lehenik eta behin, Estatuko administrazio publikoaren komunikazio, tramite eta eskaera guztiak hizkuntza ofizial guztietan egiteko aukera bermatzea ahalik eta epe laburrenean, izan aurrez aurrekoak, elektronikoak, digitalak edota telematikoak. Hau da, herritar guztiek izatea administrazioarekin haien hizkuntza propioan komunikatzeko aukera. Bigarrenik, egitasmoak gobernuari eskatzen dio indartu eta lehenetsi ditzala hizkuntza ofizialetan ekoitzitako edukien kalitatea hobetzera bideratutako proiektuak.

 

Hobetzeko aukera

Hobetzeko tartea badagoela uste du EH Bilduren senatariak. Bideguren berak nabarmendu duenez, gaur-gaurkoz ez dira hartutako konpromisoak ezta ordenamendu juridikoa ere betetzen, erakundeek hizkuntza guztiak errespetatzeko eta babesteko betebeharra duten arren: "Egoera honetan, eraldaketa digitalak aukera paregabea eskaintzen digu", argudiatu du senatariak. “Administrazio publikoa modernizatzeko aukera ematen digu, eta baita aniztasun linguistikoaren kudeaketa hobetzeko tartea ere”.
 

 

"Baina aukera hau baliatzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialen aldeko apustu erreal bat egitea digitalizazio planaren diseinuaren hastapenetan, hizkuntza guztiak erabilgarri egon daitezen teknologia berrietan", erantsi du.

 

Espainiako Gobernuaren konpromiso irmoa

EH Bilduren interpelazioari erantzunez, Escriva ministroak arrazoia eman zion hilabete hasieran Bideguren senatariari, eta konpromisoa hartu zuen hizkuntza ofizialen erabileran "anbizio handiko interpretazio bat" egitera.

Zehatz mehatz, Escrivak aitortu zuen "hobetzeko tartea" dagoela. Haren hitzetan, eraldaketa digitala funtzio publikoan integratzeari esker, teknologia batzuk era praktikoagoan erabili ahalko dira, "sektore publikoa adibide bihur dadin teknologia horiek herritarren mesedeetan jartzeko”. Ildo horretan, froga modura martxan jarri dituzten hainbat proiekturen berri eman zuen.