AKTUALITATEA


| 2024-10-29 16:32:00

EH Bilduko senatari Olaia Duartek Gizarte Segurantza ministro Elma Saizi exijitu dio beharrezko lege aldaketa egin ditzala guraso bakarreko familiek seme-alaben jaiotzagatik dituzten baimenak bikoizteko eskubidea bermatzeko, eta egun indarrean dagoen irizpide ezberdintasunarekin amaitzeko. Horretarako, Familia Legearen tramitazioa probesteko deia egin du Senatuko kontrol saioan.

"Familia ereduak ezin du zehaztu zer-nolako arreta eta zaintza jasoko duen jaioberri batek. Guraso bakarreko familietan jaiotzen diren umeek behar baino lehenago galtzen dute ezinbestekoa duten zaintza eta gertutasuna", ohartarazi du Duartek.

Bidegabekeria horren aurrean, EH Bilduko senatariak nabarmendu du badela garaia arazo horri egungo errealitatearekin bat datozen neurri “aurrerakoiekin” erantzuteko: "Eskubideak zabaltzeko unea da, kasu guztietan adingabearen interesa zaintzeko eta ez eredu tradizional bati erantzuten ez dioten familiak edota prozesu judizial eta tramite burokratikoetan murgiltzeko baliabiderik ez duten familiak zigortzeko".

Ildo horretan, lege berriek eskaintzen dituzten "aukerak" baliatzeko deia egin du: "Familien Legeak eskaintzen dituen aukerak baliatu behar dira, pertsonen eskubideak blindatzeko ikuspuntu feminista batetik eta zaintza eredu publiko baten norabidean".

 

Aurrekari positiboa

Elma Saiz ministroak arrazoia eman dio EH Bilduri, eta aitortu du guraso bakarreko familientzako baimena zabaltzearen aldeko epai berria "aurrekari positiboa" dela lan eta Gizarte Segurantzaren arloan lege aldaketak aztertzeko, haur jaioberri guztiek gutxienez 26 aste izan ditzaten gurasoen zaintzapean.

Iragan urriaren 18an, lanpostu publikodun guraso bakarrak diren amek amatasun-baimena 16 astetik 26ra luzatzeko eskubidea zutela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak, haur jaioberrien diskriminazioa saihesteko. Horrek agerian utzi zuen familia horiei 10 aste gehiago ez ematea "baztertzailea" dela guraso biko familiekin alderatuz gero.

"EH Bilduren iritziz XXI. mende bete-betean araua izan beharko lukeen albiste horrek Auzitegi Gorenaren beraren Lan Arloko Aretoak orain arte emandako epaien aurka egiten du; Langileen Estatutuan jasotakoaren arabera lan egiten duten emakume langileek amatasun baimena luzatzearen aurka egin du sarritan Auzitegi Gorenak", salatu du Duartek, atsekabetuta.

"Duela gutxi jakinarazitako epaia positiboa izan arren, langile publikoak ez diren guraso bakarreko familiek diskriminatuta jarraituko dute aurrerantzean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, orain arte bezala, eskaera horiek ukatzen jarraitzeko aukera izango baitu", argitu du senatari subiranistak.