AKTUALITATEA


| 2024-02-08 14:31:00

Gipuzkoako tren zerbitzuaren gainbehera sistematikoa salatzeko mozioa aurkeztu du gaur EH Bilduren Gipuzkoako senatari Mario Zubiagak Senatuko Garraio Batzordean. Irun-Brinkola trenbidean jarri du fokua egitasmoak, aldirietako trenen eskualdatzea eta garraio publikoaren hobekuntza eskatzeaz gain.

Azpiegitura zaharkituak, berrikuntza falta, atzerapen etengabeak, murrizketak trenen kopuruan, irisgarritasun egokirik gabeko geltokiak… Gipuzkoako tren zerbitzuaren egoera kezkagarria ageriko arazo bat da zerbitzu hori erabiltzen duen edozein bidaiarirentzat, eta erabiltzaileen kexen arrazoi nagusi bilakatu da.

EH Bilduk ahotsa jarri dio kezka herritar horri. Zubiaga senatariak ohartarazi duenez, Irun eta Brinkola lotzen dituen azpiegitura ez da lehentasunezkoa izan erakundeentzat, eta azken bi hamarkadetan ez du apenas berrikuntzarik izan. Horrek gabezia nabariak eta irisgarritasun arazo larriak eragin ditu.

 

"Hamarkadak igaro dira azpiegitura zaharkituak berriztu zirenetik, tren asko oso egoera txarrean daude, geltokiek ez dituzte irisgarritasun minimoak betetzen eta katenariak huts egiten du etengabe", salatu du.

Ageriko inbertsio faltaz gain, Orereta eta Irun artean 2017an abiatu zituzten Abiadura Handiko Trenaren lanek murriztu egin dute zerbitzuaren maiztasuna: orotara, aldirietako 42 tren gutxiago daude martxan, eta Irun eta Gasteiz arteko distantzia erdiko 8 tren kendu dituzte.

Gipuzkoako trenbidearen ageriko okertzea zerbitzu publikoen gainbehera sistemikoarekin lotu du Zubiagak, eta salatu du utzikeria horrek bi ondorio larri dakartzala berekin: "Diskriminazio eta desberdintasun soziala sustatzen eta garraio ereduaren jasangarritasun ezean sakontzen du".

Azkenik, senatari subiranistak aldirietako trenen eskumena euskal instituzioetara berehala eskualdatzea exijitu du, 1979tik zintzilik dagoelako. "Trenen transferentzia mende erdi luzatu da jada. Nazio auzi bat da honakoa. Badirudi beti azken zertzeladak direlako 1979an onartutako Estatutua betetzea eragozten dutenak”, zehaztu du Zubiagak. EH Bilduren mozioa ez da aurrera atera gaurko bozketan: PSOE, EAJ eta Junts alderdiak abstenitu egin dira; PPek eta Vox-ek, aldiz, aurka bozkatu dute.