AKTUALITATEA


| 2022-09-20 17:30:00

Ultraeskuinaren ahaleginari entzungor egin eta Garoñako zentral nuklearra berriro martxan jartzeko aukerari atea itxi dio gaur Espainiako Gobernuak. Parez pare, gainera. Trantsizio Ekologikoko ministro Teresa Ribera irmo mintzatu da Idurre Bideguren senatariak egindako galderaren ostean, eta zalantza guztiak uxatu nahi izan ditu. Riberak ultraeskuinaren «burutazio ideologikotzat» jo du VOXek Gaztela Leonen eginiko proposamena: «Ezinezkoa da eta bideraezina da Garoña berrirekitzea, ez du inolako zentzurik. Ez dugu nuklearren bizitza luzatzeko inolako asmorik». Espainiako presidenteordeak, gainera, diru publikoa xahutzea leporatu dio eskuin muturrari, 2030ean zentral nuklearra berriro irekitzeko bideragarritasun azterketa bat eskatzeagatik, «erabaki horren baldintzak eta arriskuak jakin gabe».

EH Bilduko senatariak balioan jarri du Trantsizio Ekologikoko ministroaren irmotasuna, eta krisi energetikoa energia nuklearra berreskuratzeko aprobetxatu nahi dutenen apustu zaharkitua salatu du: «Energia nuklearraren izaera berdea defendatzen dutenek berriztagarrietarako aurreikusitako Europako funtsak eskuratu nahi dituzte; besterik ez. Krisi energetikoaren konponbidea ezin dugu energia nuklearra bezalako eredu zaharkituen menpe utzi».

Bidegurenen hitzetan, krisiari aurre egiteko bide egokiena energia berriztagarrien hedapenean datza, betiere kontrol publikoa, gardentasuna, ikuspegi ekologiko eta soziala aintzat hartuta, eskualdearen suspertze ekonomikoa eta soziala bultzatzeaz gain: «Zentrala itxi eta 10 urtera Garoña berriro irekitzea zentzugabekeria itzela da, erabat arduragabea. Baina ez bakarrik dakarren arrisku handiagatik, baizik eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarria ere ez delako». 2011n itxi zuten Garoñako zentral nuklearra, 40 urteko jardueraren ondoren; bi urte geroago, Nuclenorrek jarduera behin betiko etetea erabaki zuen.