AKTUALITATEA


| 2021-06-16 11:32:00

"Bat dator Espainiako Gobernua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Memoria Demokratikoaren Legearen aurka eginiko txostenarekin?". Hala mintzatu da EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozueta, gaur, Espainiako Gobernuko presidente Carmen Calvori eginiko galderan. Bete beharrekoa ez bada ere, botere judizialaren txostenak lege aurreproiektuaren aurka jotzen du Franco Fundazioa bezalako elkarte frankisten debekua jasotzeagatik.

Calvok erantzun du ez datorrela bat Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren idatziarekin, eta adierazi du ez duela atzera egingo; Espainiako presidenteordeak adierazpen askatasunetik kanpo kokatu du frankismoa goratzea eta Memoria Legean horrela jasoko du, txostenak txosten. Honela erantzun dio EH Bilduren galderari: "Espainiako Gobernuak ez du bat egiten eta ez du bat egingo txostenak dioenarekin. Totalitarismoa eta Francoren diktadurari gorazarre egitea ez da adierazpen askatasuna; irain zuzena da justizia eske dauden milaka eta milaka biktimei".

78ko erregimenaren zutabeak

Pozuetaren hitzetan, botere judizialak "frankismoaren apologia hutsa" egin du idatzi horretan. "Kosta egiten da sinestea Estatu demokratiko batean, objektibotasun judiziala zaindu beharko lukeen botereak, diktadurako krimen frankisten defentsa sutsua egitea. Imajinatzen duzu Adolf Hitlerren aldeko elkarte bat Alemanian? Pentsaezina litzateke, ezta?. Bada hemen, Estatu honetan, epaileen berme eta babesarekin geratzen da hori oraindik ere".

EH Bilduko diputatuaren iritziz, horrek agerian uzten du 78ko erregimenaren zutabeak, justizia kasu, "demokratizatu gabe" jarraitzen duela, Estatu honen bilakaera judizial eta politiko osoa baldintzatuz. "Bai, badirudi Espainiako justiziak adierazpen askatasuna errespetatzen duela, baina frankistena bakarrik", gaineratu du.

Anbizio handiagoa

Errealitate horren aurrean, Memoria Demokratikoaren Legea "anbizio handiagokoa" izateko eta ahalik eta lasterren tramitatzeko eskatu du EH Bilduk, ehunka elkarte memorialistak eta baita Amnesty Internationalek ere eginiko eskaerak aintzat hartuta. "Frankismoaren zigorgabetasuna amaitzeko garaia da, biktima guztiei egia, justizia eta ordaina bermatuz", nabarmendu du diputatuak.

Pozuetaren aburuz, Memoria Demokratikoaren Legea "motz" geratzen da, "partziala, interesatua, baztertzailea eta ez-inklusiboa" izaten jarraitzen duelako, frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legearen ondorioz. "Amnistiaren Legearen aplikazioa eta frankismoaren krimenen preskripzioa dela eta, biktima guztientzako justizia ukatzen jarraitzen du. Gainera, aurreproiektuak jasotzen duen erreparazioa sinboliko-administratiboa da, eta ez ditu Estatu terrorismoaren biktimak aintzat hartzen ezta asetzen ere", salatu du.

Espainiako Gobernuko presidenteordeari eskaera zuzena eginez amaitu du hitzartzea Pozuetak: "Ez dezagun egun bat gehiago galdu. Egin dezagun posible milaka biktimek beren eskubideak aitortuta ikustea. Urte gehiegi daramatzate zain". EH Bilduri erantzunez, Calvok iragarri du aurreproiektua "laster" iritsiko dela Kongresura, tramitazioa lehenbailehen has dadin.