AKTUALITATEA


| 2022-06-28 09:23:00

Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzea eta Cumbre Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea lortu du EH Bilduk. Hala jakinarazi du gaur EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak. Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker, Memoria Demokratikoaren Legea babestuko du ezkerreko talde subiranistak, gaur goizeko ponentziaren bozketan eta baita datorren asteko batzordean ere. EH Bilduren bost diputatuen botoek legea onartzea bermatuko dute.

Tramitazioa hasi zenetik, legea guztiz beharrezkotzat jo du EH Bilduk, diktadura frankista pairatu zuten pertsona guztiei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa bermatuko dituen memoria partekatua eraikitzeko bidean aurrerapausoak emateko. Hasierako gabeziak eta hutsuneak konponduta, azken hilabeteotako negoziazioetan Memoria Demokratikoaren Legea hobetzea eta osatzea erdietsi du EH Bilduk, bost aurrerapauso garrantzitsu hitzartuta. Neurri horiek giza eskubideak irmoago errespetatzen dituen lege osatuago batean islatuko dira.


EZKABAKO GOTORLEKUA

Lehenik eta behin, eta azken hamarkadetan hainbat erakunde publikok egindako ahaleginen ondoren, EH Bilduk Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du Ezkabako gotorlekua memoria gune gisa egokitzeko, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez. Gotorlekua gehienez ere urtebeteko epean memoriaren gune izendatzea adostu dute, memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko jarduerak egin ahal izateko. Gotorlekuko lurrak Nafarroako araudian jasotzen diren baldintzetan erabili ahal izango ditu Nafarroako Gobernuak, hainbat memoria elkartek eskatzen duten bezala.

Ezkaba mendian dago gotorlekua, Iruñeko iparraldean. Gaur egun, abandonatuta dago gotorlekua, hutsik eta inolako erabilerarik gabe. Defentsa Ministerioari lotua eta Ingurumen Parke baten barruan kokatua, diktadura frankistak kartzela gisa erabili zuen gotorlekua milaka preso politiko espetxeratzeko. 1938ko maiatzaren 22an, ihesaldi masiboa gertatu zen han, eta 207 pertsona hil zituzten.

Europa osoko ihesaldi sonatuenetakoa da Ezkaban gertaturikoa: Estatuko hainbat lekutako 795 preso antifaxistek lortu zuten gotorlekutik ihes egitea, eta horietatik 207 fusilatuta hil zituzten, espetxe ondoko mendian. 150 pertsonen gorpuak ez dituzte topatu oraindik, eta hildako presoen gertukoek uste dute adostutako neurriak atea ireki dezakeela haien senideak non dauden jakiteko.


DONOSTIAKO CUMBRE JAUREGIA

Donostiako Cumbre Jauregia eskualdatzea eta Donostiako Udalari lagatzea adostu du EH Bilduk gobernuarekin. Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen; han torturatu zituzten Lasa eta Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik. Jauregiaren lurrak eta dokumentazioa Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean utzi beharko dira Donostiako Udalaren esku.

Mertxe Aizpurua bozeramailearen hitzetan, sinbolismo eta esanahi historiko handiko bi lorpen dira euskal herritarrentzat, eta aurrerapausoa dira memoria partekatua aitortu eta eraikitzeko bidean; are gehiago, bat datoz elkarte memorialistek urteetan eginiko aldarrikapenetik.

 

BATZORDE INDEPENDENTEA

Era berean, EH Bilduren zuzenketa bati esker, Batzorde independente bat eratuko da, frankismoan izandako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko batzorde independente bat eratuko da, testigantzak, informazioa eta dokumentuak jasoko dituena. Batzorde horretan giza eskubideen arloan ospe akademikoa eta eskarmentua duten adituek parte hartuko dute; haien ardura txosten bat egitea izango da informazio guztia sistematizatzeko, ondorioak ateratzeko eta gomendioak egitea, biktimen aitortza ofiziala eta erreparazioa bermatzeko.


AUZITEGI FRANKISTAK LEGEZ KANPOKOTZAT JOTZEA

Halaber, 1936ko Estatu Golpearen ondoren eratu ziren auzitegi frankistei zilegitasuna ukatzea eta legez kanpokotzat jotzea adostu du EH Bilduk gobernuarekin, baita haien ebazpen eta zigor guztiak baliogabetzea ere. Azkenik, Memoria Legearen ezarpenaren denbora-muga 1983ko amaierara arte luzatzea ere erdietsi du. Aurrerapen garrantzitsu horri esker, 1978tik harago, frankismo ostean gertatutako giza eskubideen urraketen biktimei aitortza eta erreparazioa emateko bideak ireki ditzake; iran arte abandonatuta eta ahaztuta egon dira biktima horiek erakundeen partetik.