AKTUALITATEA


| 2021-06-14 17:16:00

Euskal erakunde eta parlamentuek onartutako legeen aurkako helegiteak bertan behera uztea eztabaidatuko du bihar Diputatuen Kongresuak, EH Bilduren ekimenez; Miquel Iceta Lurralde Politikako ministroa interpelatu ostean iritsiko da egitasmoa astearte honetako osoko bilkurara. Mertxe Aizpurua bozeramaileak defendatuko duen mozioak jarrera birzentralizatzailea alde batera uzteko eta auzitara jotzeari uko egiteko exijituko dio Espainiako Gobernuari. "40 urteotan eskubide sozial, ekonomiko, politiko, kultural edo linguistikoetan aurrera egitea ukatu zaio euskal gizarteari helegite sistematikoen bitartez. PPren eta PSOEren gobernuek zapuztu dituzte aurrerapauso horiek", salatu du Aizpuruak. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek onartutako legeen aurkako helegiteetan jarri du arreta diputatuak, "gertaerek erakusten digutelako azken 40 urteotan gure parlamentuen erabaki demokratikoak errekurritu dituztela sistematikoki".

Ildo berean, prozedura judizialean, Auzitegi Konstituzionalean, dauden helegiteak kentzeko eskatuko dio EH Bilduk Madrili; azken hamarkadan, izaera sozial eta ekonomikoko 30 lege baino gehiago auzitara eraman ditu Espainiako Estatuak. Errealitate horren aurrean, ezkerreko indar subiranistak premiazkotzat jo du autogobernua errespetatzea eta euskal herritarren eguneroko bizitzari zuzenean eragiten dioten erabakietan beren borondatea aintzat hartzea, herritarren ongizatea eta aurrerabidea babesteko berme gisa.

Aizpuruak nabarmendu du badela garaia euskal erakundeen subiranotasuna errespetatzeko eta parlamentuek demokratikoki hartutako erabakiak ez oztopatzeko. "Espero dugu bere burua aurrerakoitzat duten gobernuko indarrek, teorian nazioaniztasuna aitortzen duenak, printzipio horiek errespetatzea eta aurreko gobernuek ez bezala jokatzea, eskubide sozial eta ekonomikoen aitortza praktikara eramanez".

Aldebiko elkarrizketa eta akordioa, inposiziorik gabe

EH Bilduk uste du ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuak bide judizialari uko egitea eta bide politikoaren aldeko apustu sendoa egitea, desadostasunak elkarrizketaren eta aldebiko akordioen bidez konpon daitezen. "Konponbide politikoetan oinarritutako ziklo demokratiko bati ekiteko garaia da. Azken urteotako ukazio eta inposizioaren aurrean, benetako aldebiko harreman baterantz joateko unea da, gure erakundeekiko, gure autogobernuarekiko eta gure erabakitzeko gaitasunarekiko errespetuan oinarrituta", azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.

Azken finean, berdinen arteko hartu-emana abiaraztea da egitasmoaren helburua, "inongo inposizio eta tutoretzarik gabe", euskal herritarren, parlamentuen eta gobernuen aurkako bidegabekeriak errotik mozteko. "Hego Euskal Herriko erakundeei dagozkien ahalmenak errespetatzeko eskatzen dugu. Eta horretarako, benetako aldebikotasuna, elkarrizketa eta negoziazioa besterik ez erabiltzea aldarrikatzen dugu, eskumenen arloan egon daitezkeen ezberdintasunak ebazteko", dio egitasmoak azkeneko puntuan.