AKTUALITATEA


| 2022-09-22 11:53:00

EH Bilduk «arduraz eta exijentziaz» ekingo dio aurrekontuen inguruko eztabaida eta negoziazioari, euskal herritarren interesak defendatzeko eta aurrerapen sozial eta ekonomikoak lortzeko helburuarekin. Hala jakinarazi du gaur koalizio subiranistaren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak, gastu mugari buruzko eztabaidan. «Euskal herritarren eta Estatuko langile klaseen bizi baldintzak hobetzea da gure nahia, eta aurten ere bide horretan egingo dugu lan», nabarmendu du. EH Bilduko ordezkariek aurrekontuen inguruko lehen hartu-emanak izan dituzte azken egunotan.

Krisi energetikoak eragindako ziurgabetasun egoera bete-betean, herritarren ongizatea bermatzea, krisiari aurre egiteko neurri ausartak martxan hartzea eta balantza gehiengo sozialen alde orekatzea jarriko du EH Bilduk mahai gainean, elite ekonomikoen kalterako. «Aurrekontuak bakarrik ez dira gai egungo arazo eta erronkei aurre egitea, baina politika publiko aurrerakoien bidea urratzen lagun dezakete justizia soziala, ekonomikoa eta klimatikoa lortzeko asmoz», azaldu du Aizpuruak.

EH Bilduk argi dauka unea dela enpresa handien gehiegikeriak eta neoliberalismo basatiaren aroa atzean uzteko. Horretarako, besteak beste, herritarrak babestuko dituzten neurriak abiaraztea, sektore zaurgarrien eskubideak zabaltzea, aberastasuna modu justuan banatzeko politika fiskalak indarrean jartzea eta eredu jasangarri baterantz aurrerapausoak ematea proposatuko du. «Herritarrek ziurtasunak baino beldur gehiago dutenean, gure eginbeharra, politikaren eginbeharra gehiengo sozialen bizi baldintzak hobetzea izan behar da, ez gutxiengo bati mesede egitea», zehaztu du EH Bilduren eledunak. Oro har, aurrekontuetara bideratutako 200.000 milioi euroak gastu gisa baino gehiago, inbertsio gisa ikusten ditu alderdi subiranistak, eta aintzat hartzeko eskatu dio gobernuari: «Inbertsio klimatikoa eta inbertsio soziala behar dugu: hezkuntzan, osasunean, etxebizitza eta industrian».

 

Gehiengo aurrerakoiaren eskutik

Momentuak exijitzen duen erantzukizunez jokatzeko garaia dela uste du EH Bilduk, herritarrek ordezkari publikoengatik espero dituzten aurrerapenak neurri bihurtzeko. Eta hobekuntza horiek, baita aurrekontu hauetan ere, gehiengo aurrerakoi eta ezkertiarraren eskutik besterik ez direla iritsiko ohartarazi du Aizpuruak: «Ez dezala inork ahaztu. Espero dugu egoera ezohiko honek merezi duen erantzuna ematea gobernuak, ausardiaz jokatzea eta jarrera irekia izatea hobetu beharreko guztia hobetzeko».