AKTUALITATEA


| 2021-11-22 19:23:00

Euskal herritarrentzat funtsezko bi zuzenketa adostu eta txertatzea lortu du EH Bilduk, aurreko astean egindako hobekuntzez gain, administrazio publikoan behin-behinekotasuna murrizteko legean. Zehazki, Nafarroak enplegu publikoan dituen eskumen propioak errespetatzeko babesa eskuratu du, eta lege berrian horiek inola ere ez urratzeko berme eta konpromiso zehatza ziurtatu du horrela. Hala jasotzen du onartutako zuzenketak: "Lege hau Nafarroako Foru Komunitateari aplikatuko zaio, Konstituzioaren 149.1.18.a artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian zein Nafarroako Foru Hobekuntzari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera".

EH Bilduren oinarrizko eskaera funtzio publikoko behin behinekotasunari buruzko legearen tramitazioan, gaur-gaurkoz Nafarroa baita arlo horretan eskumen propioak dituen autonomia erkidego bakarra. Azken finean, PSOErekin eta Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketak segurtasun juridikoa emango dio Nafarroari aldi baterako langileen egoera arautzeko orduan. Neurri hori bederatzigarren xedapen gehigarrian jaso dute, eta, horren bidez, legea foru-erakundeetan aplikatzeko bideak zehaztu dituzte.

Sindikatuen indarra, aintzat

Halaber, EH Bilduk autonomia erkidegoek egonkortze prozesu propioak garatzeko duten gaitasuna aitortzea lortu du, gehienez ere %8ko behin-behinekotasun tasa ezartzea dakarren zuzenketa onartuta. Prozesu horiek, gainera, sindikatuekin egindako akordioen bidez sartuko dira indarrean, eta legeak hala ezarriko du. Horrela, langileen iritziak, norbere ordezkaritza sindikalaren bidez, egonkortze prozesu horien garapenean kontuan hartuko dira orain arte ez bezala; aurrerapen oso garrantzitsua da euskal gehiengo sindikalaren indarra kontuan hartzen badugu.

"Autonomia-erkidegoetako erakundeek eta foru entitateek egonkortasun prozesuak garatuko dituzte, eta, lege honetan aurreikusitakoaren esparruan, akordioak egingo dituzte sindikatuekin, lege berrian ezarritako behin-behinekotasuna murrizteko helburua lortzeko asmoz". Hori dela eta, akordio horiei eta aurretik egindako aurrerapausoei esker, EH Bildu abstenitu egin da administrazio publikoan behin-behinekotasuna murrizteko legean, nahikoak ez direla jakin arren, aldi baterako langile publikoei hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkiela sinetsita.