AKTUALITATEA


| 2021-04-15 13:30:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak abstentzioaren aldeko apustua egin du gaur Diputatuen Kongresuan onartutako Haurren Babeserako Legearen "argien eta itzalen" aurrean. Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak legearen "aurrerapauso kualitatibo, kuantitatibo eta hobekuntzak" azpimarratu ditu, nahiz eta legearen alde bozkatzeko nahikoak ez izan. "Hobekuntza horietako bat Gurasoen Alienazio Sindromea deiturikoaren debekua da, sindrome faltsu horren amaiera dakarrelako. Amei besterik ez zaie aplikatzen egun, beren seme-alaben zaintza erretiratzeko mehatxuarekin. Bidegabekeria izugarria da, deabruzko zirkulu batean sartzea dakarrena".

Irune Costumero bizkaitarrak pairatu duen "infernua" gogorarazi du EH Bilduko diputatuak. Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte zerbitzuek sindrome faltsu hori baliatuta alabaren zaintza kendu zioten duela hiru urte baino gehiago. "Lege hau albiste ona da Estatu honetako hainbat eta hainbat Irune Costumerorentzat. Indarrean sartzen denean, inork ezingo duelako gehiago SAP delakoa argudio juridiko gisa erabili. Garaipen hau urteotan sufrimendua jasan duten emakume guztiena da", azpimarratu du Aizpuruak, eta gaineratu du berri ona dela genero indarkeria kasuetan zaintza partekatua debekatzea eta haurrek informazioa jasotzeko duten eskubidea aitortzea. "Baita adingabeen aurkako delituen preskripzio-epea 35 urtera luzatzea ere, EH Bilduk bultzatutako erdibideko zuzenketak jasotako babesari esker".

Legearen argiak eta itzalak

Aizpuruak, hala ere, salatu du Haurren babeserako Legeak ez dituela debekatzen haurrak ardurapean dituzten familiak etxetik botatzea, ezkerreko talde subiranistak zuzenketa baten bidez eskatu bezala. Ez da legeak daukan hutsune bakarra; izan ere, EH Bilduren iritziz, "legeak hobera egin du zuzenketen tramitean, baina are gehiago hobetu daiteke". Ildo horretan, legeak dauzkan hutsuneak zerrendatu ditu EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak:

  1. Indarkeria instituzionala. Administrazioaren babespean dauden adingabeak babesteko sistemen barruan gertatzen dena. Existitzen dela aitortu nahi ez izateak ez du desagerraraziko abusu, presio eta babesgabetasun egoeretan gertatzen den indarkeria, haur eta nerabeen eskubideak eta duintasuna urratzen dituena.
     
  2. Ageriko akatsa da gizarte zerbitzuetako langileei agente izaera ematea. Gizarte-zerbitzuetako profesional gehienek lan handia egiten dute, eta profil profesional ez espezifikoa dute haurtzaroarekin eta haurren aurkako tratu txarrekin lotutako gaietan; beraz, arriskutsua da haien ahalmenak handitzea. Izan ere, legeak larrialdi-egoeretan askatasunez jarduteko aukera ematen dienez, horrek itzulezinak izan daitezkeen erabakiei atea irekit diezaieke.
     
  3. Etxegabetzeen biktima diren haurren aurkako indarkeria. Etxegabetzea esperientzia traumatiko eta bortitzak izateaz gain, haurren eskubideen urraketan eragina dute zuzen-zuzenean. Aukera bat galdu da legeak haurrak bete-betean babes ditzan, haien errotzea eta bizikidetza galtzeko arriskuaren aurrean.
     
  4. Beste behin ere, Espainiako edozein gobernuk duen joera etengabean murgiltzen da legea, hain oinarrizkoa den gai bat ahanzten baitu,: alegia, legeek ez dituztela eskumen-inbasiorik izan behar. Eta lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Autonomia Estatutuetan aitortutako eskumenak urratzen ditu, gutxienez zazpi artikulutan, besteak beste, hezkuntza, osasun eta polizia-arloei dagokienez.

Horren aurrean, Aizpuruak legearen alde bozkatzea ezinezkoa dela argudiatu du, aurka bozkatzeko pisuzko arrazoirik ez dagoela gaineratuta. "Eta ezin dugu hori egin hainbat eta hainbat Irune Costumeroengatik, hainbat eta hainbat adingabe babesgabeengatik, hainbat eta hainbat nerabe ahulengatik. Eta badakigulako gai honetan legeak egiteko premia bizia dagoela, eta, beraz, lege honen argi-ilunak direla medio, abstentziora joko dugu. Eta aitortzen dut, sentimendu mingots batekin egiten dugu, benetan esaten dudalako, baietz bozkatzea gustatuko litzaidake", amaitu du diputatuak.