AKTUALITATEA


| 2022-10-21 12:42:00

Azken aste eta egunotan abiatu ditu Euskal Herria Bilduk 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko lehen negoziazioak Espainiako Gobernuarekin. Hartu-eman horiek areagotu egin dira azken orduetan, betiere jarrera zorrotzarekin eta diskrezio handiz. Negoziazioen helburua ez da soilik osoko zuzenketen tramite parlamentarioa gainditzea, aurrekontuen negoziazioarekin muturreraino jarraitzeko oinarri finkoak ezartzea baizik.

Espainiako Gobernuak ezin du inoiz ahaztu irabazi egin behar dituela Euskal Herria Bilduren bost botoak aurrekontuak onartu ahal izateko. EH Bilduk ez du inolako konpromisorik ezta erantzukizunik ere PSOE eta Unidas Podemosen gobernuarekin, euskal herritarrekin eta Estatuko langile klase eta herriekin baizik.

Legegintzaldi honetan Madrilen erakutsi duen jarduera eta ibilbide parlamentario osoan egin duen bezala, orain ere euskal herritarren behar sozial eta ekonomikoei erantzuteko neurriak proposatu ditu EH Bilduk. Gizartearen eta langileen gehiengoaren bizi baldintzak hobetzeko neurri sozialak, hain zuzen.

Une honetan, gobernuarekin abiatu dituen elkarrizketa eta negoziazioak aurrera doaz. Hori dela eta, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela negoziazio dinamika zabalik mantentzea, mahai gainean jarri dituen edukien inguruan akordioa lortzen saiatzeko.

Horren ondorioz, eta azken urteotan izandako dinamikarekin bat etorriz, Euskal Herria Bilduk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuari negoziazioen bidea irekita mantentzeko asmoz.
 

Aukera guztiak, irekita

Hori bai, EH Bilduk ohartarazi du erabaki horrek ez dakarrela zuzenean gainontzeko taldeek aurkeztu dituzten osoko emendakinak atzera botatzea; datorren osteguneko bozketetan izango duen azken jarrera erabakitzeko dauka oraindik. Horrexegatik, EH Bilduk gogorarazi du Espainiako Gobernuak ezin duela ziurtzat jo inolako egoerarik, gaur-gaurkoz aukera guztiek irekita jarraitzen dutelako

Euskal Herriko herritarren bizi baldintzak hobetzeko akordio on bat lortzeko helburuarekin, negoziatzeko borondate irmoa du EH Bilduk, baina askotan ohartarazi duenez, bere-berea duen erantzukizun guztiarekin jokatuko du, herritarren eskaerak asetzeko exijentzia handienarekin. Horretan jarriko ditu ahalegin guztiak datozen egunetan luzatuko diren negoziazioetan.

Espainiako Gobernuak jakin behar du gehiengo plurinazionala eta aurrerakoia osatzen duten ezkerreko indar subiranistak ezinbestekoak eta erabakigarriak direla gobernuak 2023ko aurrekontuak aurrera atera nahi baditu. Ez dago alternatibarik Euskal Herriko eta Kataluniako talde independentisten parte hartzerik gabe.