AKTUALITATEA


| 2021-10-05 14:05:00

Espainiako Gobernuak 1989an Herri Batasunako kideei bonba gutunak bidali zizkiela azaleratu du dokumentu batek. Hala baieztatu dute CESIDeko zuzendari ohi Emilio Alonso Manglanoren eta Barne ministro ohi Antoni Asuncionen arteko elkarrizketek. Berriki argitaratu diren grabazio horien arabera, ezker abertzaleko militante eta jarraitzaileei zuzendutako bonba-gutunak Estatu aparatuek igorri zituzten; hain justu ere, gutun horien bidalketaren arduradunetako bat Jose Luis Corcuera orduko ministroa zela diote. Tartean, Jose Antonio Cardosa 22 urteko postariaren heriotza eragin zuena. Ildefonso Salazar HBko militantearen buzoian gutuna uztekoa zen Cardosa, 1989ko irailaren 20an. Gutuna tolesterakoan, detonagailua aktibatu eta eztandak bete-betean harrapatu zuen postaria. Errenterian zendu zen.

Gaur jakinarazitako elkarrizketen ostean, EH Bilduk ekimen parlamentarioa sorta martxan jarri du Kongresuan, Corcuerari eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari premiazko azalpenak exijitzeko. Corcuera Espainiako Barne ministro izan zen 1988tik 1993ra, eta gutun horiek bidaltzearen atzean egongo litzateke, inteligentzia zerbitzuko zuzendari eta ministro ohiaren arteko hizketaldiek baieztatu dutenez.

Corcuera ministro ohia zuzenean inplikatzen dutenen lekukotza ezagutu ondoren, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Barne Batzordean azalpenak lehenbailehen ematea bonda gutunen auzian izan zuen erantzukizuna argitzeko asmoz. Horrez gainera, EH Bilduk nahi du Fernando Grande-Marlaska egungo Barne ministroak Kongresuan azalpenak ematea eta Emilio Alonso Manglanoren, 1981etik 1995ra inteligentzia zerbitzuko zuzendari izandakoaren, grabazioei buruz eskura duen informazio guztia jakinaraztea.

 

Desberdintasuna, biktimei ematen zaien tratuan

EH Bilduk salatu du kasu honek agerian uzten duela indarkeria desberdinen biktimei ematen zaien tratu desberdindua, Estatu Terrorismoaren biktimek biktimek ez dutelako jaso merezi duten egia, justizia eta erreparazioa. Ze aitortza espero dezakete biktimek erasoa nork egin zuen ere ez dakitenean, eta are gutxiago egileak nortzuk izan ziren? Orain badakigu Corcuera buru zuen Barne Ministerioa zegoela bonba gutunen bidalketaren atzean.

Gaur ezagutzera eman diren dokumentuen aurrean, EH Bilduk uste du badela garaia eragindako mina aitortzeko eta Estatu Terrorismoaren erantzuleen hamarkadetako inpunitateari aurre egiteko. Sektoreetako bati hainbeste exijitzen zaion honetan, EH Bilduk gogoratu du Estatu Terrorismoaren ekintzek zigorgabetasunean jarraitzen dutela, egile eta bultzatzaileek ez dutelako eragindako mina aitortu eta ez dietelako inolako adierazpen publikorik egin herritarrei.