AKTUALITATEA


| 2021-05-05 15:29:00

EH Bilduren ekimenez, aste honetan, Gorka Elejabarrieta senatari eta nazioarteko harremanetarako arduradunak bi bilera antolatu ditu Europako hautetsien eta Myanmarko Batasun Nazionaleko Gobernuko Atzerri ministroaren arteko elkarlana sendotzeko asmoz. Lehenbiziko bilera maiatzaren 4an egin zuten Daw Zin Mar Aung ministroarekin, eta bertan EH Bildu, BNG, CUP-NCG, EAJ-PNV, ERC, En Comu Podem, Junts per Catalunya eta Unidas Podemoseko hainbat hautetsik parte hartu zuten, Gasteizko Legebiltzarreko, Kataluniako, Galiziako, Espainiako Senatuko eta Kongresuko ordezkariekin batera.

Bigarrena, gaur, maiatzaren 5ean izan da, eta Portugalgo, Erresuma Batuko, Belgikako, Eskoziako, Flandriako, Finlandiako, Suediako, Norvegiako, Alemaniako, Greziako, Suitzako, Austriako eta Europako Parlamentuko 40 hautetsik baino gehiagok parte hartu dute, Australiako parlamentari batez gain.

Bileran, ministroak azpimarratu du Batzorde Militarraren porrota eta gobernantza demokratiko zibilera itzultzea direla premiazko gaiak. Horretarako, Batzordearen aurkako hiru mozketako estrategia baten aldeko apustua egin dute: armen hornidura etetea, finantza hornidura bertan behera uztea eta militarren zigorgabetasunarekin amaitzea. Ministroak nabarmendu du, gainera, berariazko zigor zuzenak behar direla Batzorde Militarrak ahalik eta lasterren ahultzeko, eta ASEANekin lan egiteko borondatea agertu du, erakunde horrek 2021eko apirilaren 24an adostutako bost neurrien ezarpena babesteko.

Nazioarteko elkartasuna

Elejabarrieta senataria, berriz, herrien arteko elkartasun indartzearen garrantziaz mintzatu da, Myanmarko Batasun Nazionaleko Gobernuari eta gutxiengo etnikoen indarrei Batzorde Militarrari aurre egiteko babesa adierazteaz gain. Hain justu, helburu horrekin antolatu ditu bilerak EH Bilduren ordezkariak. Bileretako partaideak ildo horretan lan egiteko eta Batasun Nazionaleko Gobernuarekin martxan jarritako elkarlanari segida emateko prest agertu dira.

Myanmarko Junta Militarrak estatu-kolpe bat eman zuen otsailaren 1ean, gobernuaren funtsezko pertsonak atxilotuz eta gobernu militar bat ezarriz. Orduz geroztik, Myanmarko gizarte zibila aurre egiten ari da Desobedientzia Zibilaren Mugimenduaren bidez.

2021eko apirilaren 16an, Batasun Nazionaleko Gobernuaren sorrera iragarri zuen Committee Representing Pyidaungsu Hluttawk (CRPH) erakundeak. Gobernu horretan, U Win Myint da presidentea, Daw Aung San Suu Kyik Estatu kontseilaria izaten jarraitzen du eta Daw Zin Mar Aung Atzerri gaietarako izendatutako ministro berria da. Myanmarko gutxiengo etnikoetako kideak bere gain hartu ditu gobernuak, eta bokazio federala dauka.