AKTUALITATEA


| 2023-04-03 14:47:00

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren presazko agerraldia eskatu du EH Bilduk Kongresuan, Arturo Espejo Valero teniente jeneralaren igoeraren arrazoiak azal ditzan: Guardia Zibilaren Sostengu Agintaritzako buru izendatu dute. Mikel Zabalzaren hilketaren erantzuleetako bat da Espejo; gazte nafarra torturatuta hil zuten 1985ean Intxaurrondoko kuartelean.

Halaber, EH Bilduk galdera sorta bat aurkeztu du teniente jeneralak Mikel Zabalzaren desagerpenean izan zuen esku hartzea ezagutzeko asmoz. Ezkerreko talde subiranistak Espainiako Gobernuari galdetu dio egokia iruditzen ote zaion Guardia Zibilaren buruzagitzara igotzea polizia barruan gertatutako kasurik larrienetako baten arduraduna. "Igoeraren eta izendapenaren erabakia Eusko Jaurlaritzak Mikel Zabalza indarkeriaren biktima gisa aitortzeko asmoa zuela jakin ondoren hartu zen?", galdetu du.

 

Desagerpena argitzea

Ildo horretan, EH Bilduk gogorarazi du Mikel Zabalzaren desagerpenari buruzko bertsio ofiziala faltsua dela, Eusko Jaurlaritzaren agiriek egiztatzen duten bezala: Pedro Gomez Nieto kapitainaren (Guardia Zibila) eta Juan Alberto Peroteren (CESID) artean 2021ean argitaratutako elkarrizketek ere agerian uzten dute. "Arduradun nagusiaren igoera al da Espainiako Gobernuak Mikel Zabalzaren kasuan hartu duen neurri bakarra?". Horretarako, gobernuari eskatu dio argitu dezala Espejo tenienteak Mikel Zabalzaren desagerpenean izan duen inplikazioa, eta ikerketa bat abiarazteko deia egin dio.

Espejok Guardia Zibilean izan duen ibilbidea zehazteko ere eskatu dio EH Bilduk gobernuari, azken urteotan ze postutan lan egin duen argituz: "Zenbat kondekorazio jaso ditu? Zein egunetan eta zein arrazoirengatik? Zigortua izan al da inoiz? Zergatik? Inoiz eskatu al zaio Espejori Mikel Zabalzarekin benetan gertatutakoa argitzeko?".