AKTUALITATEA


| 2022-12-22 10:55:00

Administrazio publikoarekin harremanetan herritar askok jasaten duten arrakalari digitalari aurre egiteko egitasmoa aurrera atera du Kongresuak EH Bilduren ekimenez. PSOE eta Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketa bati esker, indar subiranistaren mozioari bide eman dio Kongresuko gehiengoak, eta bat egin du eskaera zehatzetan: laguntza eta prestazio publiko guztiak presentzialki eskatzeko aukera izatea, tartean Bizitzeko gutxieneko diru sarrera. 194 diputatuk alde bozkatu dute, 142k kontra eta hamarrek abstentziora jo dute.

Ildo horretan, kolektibo eta pertsona zaurgarrientzako oinarrizko laguntza sozioekonomikoak lortzeko tramiteak erraztea eta arintzea adostu du EH Bilduk. Neurriaren garrantzia nabarmen du Mertxe Aizpurua bozeramaileak: "Herritarren %83ak bertan behera utzi du noizbait tramite digitalen bat amore emanda. Administrazioarekin tramite telematiko bat egiten saiatu den edonork ezagutzen ditu bide telematikoen zailtasunak. Arreta presentziala bermatzea herritar ororen eskubidea da, eta erakundeei horretarako bideak ezartzea dagokio inor kanpoan ez uzteko".

 

Aurrez aurreko arreta zuzena eta erraza

Zailtasun eta oztopo horiei aurre egiteko, administrazio publikoaren egoitza eta bulegoetako ordutegiak egokitzea eta tramite guztietan aurrez aurreko arreta bermatzea jasotzen du mozioak, biztanle gutxiko landaeremuetan arreta berezia jarriz. Premiazkotzat jo du Aizpuruak, arazo horrek ez dielako soilik adineko pertsonei eragiten, gizartearen zati handi bati baizik. "Sektore pobreenentzako laguntzak kasu askotan ez dira tramitatzen ezinezkoa zaielako eskaera telematikoki egitea", ohartarazi du Aizpuruak.

EH Bilduren hitzetan, funtsezkoa da administrazio publikoak erabiltzen dituen APP eta Interneteko atariak "plataforma intuitibo eta sinplifikatuagoetara" aldatzea, eta hala hitzartu du gaur onartutako mozioan, ezagutza gutxien edo erabiltzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboek plataforma horiek erabil ditzaten. Espainiako Gobernua osatzen duten bi indar politikoek konpromisoa hartu dute "Administrazio Publikoen Digitalizazio Planak ezarritako neurrietan sakontzeko", herritarrei bideratutako administrazio digital eskuragarria lortu ahal izateko, APPak eta Interneteko atariak kontuan hartuta. Horrez gain, sarearen irismena lurralde guztietara zabaltzeko neurriak ezarriko dira, bereziki herritarrek erabiltzeko zailtasunak dituzten lekuetan.

 

Arreta presentziala bankuetan

Onartutako mozioak, halaber, gobernuari eskatu dio sektore zaurgarrienek oinarrizko gaitasun digitalak lortzeko egitasmoak indartzea, bitarteko elektronikoen bidez administrazioarekin harremanak baldintza hobeetan egin ahal izateko. Horretarako, herritarren eskura dauden laguntza sozial, ekonomiko, laboral, kultural edo bestelakoen irismena eta ezagutza handitzeko beharrezkoak diren informazio-kanpainak martxan jartzea proposatu du, "kolektibo zaurgarrietan arreta berezia jarriz".

Era berean, banku, balore eta aseguruen antolamenduari buruzko legeetan eginiko aldaketen bidez, bankuetan prestazio pertsonalizatuaren irizpidea bermatuko da. Hala jasotzen du mozioak: "Prestazio pertsonalizatutzat hartuko da zerbitzuak ematen ari den edo emango dituen pertsonaren adina, ezgaitasun egoera, bizi den eremu geografikoaren ezaugarriak eta pertsona horren gaitasun digitalen maila, besteak beste".