Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak positiboki baloratu du Kongresuan Mendetasun Legearen erreforma onartu izana. Arau horrek Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren aldaketak irekitako esparrua garatzen du, eta aurrera egiten du autonomia, bizitza independentea eta berdintasuna benetan aitortzeko bidean.
Pozuetak adierazi du legea «ez dela perfektua, baina aurrerapauso bat dela», milaka pertsona eta familiaren bizitza hobetuko duena eta zaintza-sistema publiko, bidezko eta eskubideetan oinarritua eraikitzen jarraitzea ahalbidetuko duena.
Izapidetzean zehar, sistemaren gabezia nagusietako batzuk zuzentzen saiatu da EH Bildu: itxaronaldi luzeak, lurraldeen arteko desberdintasunak, gardentasun falta, pribatizazioaren pisua eta zaintzen ardura oraindik ere neurriz kanpo emakumeen gain uzten duen antolaketa. Zaintzaren eta desgaitasunaren arloko elkarte eta kolektiboekin batera egindako lan horren ondorioz, EH Bilduk aurkeztutako 20 zuzenketa txertatu dira testuan.
Lortutako akordioek eskubideetan aurrera egitea eta legea hobetzea ahalbidetzen dute, EH Bilduren proposamena gidatzen duen helburua bistatik galdu gabe. «Osasungintzan edo hezkuntzan gertatzen den bezala, gizarte- eta zaintza-estaldurak publikoa, unibertsala eta doakoa izan behar duela defendatzen dugu», azpimarratu du Pozuetak.
Testuan sartutako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Mendetasunaren balorazioa egiteko gehienez hiru hilabeteko epea. Neurriak garrantzi berezia izango du Nafarroan, balorazioak sei hilabetera arte luzatu baitaitezke, baita beste autonomia-erkidego batzuetan ere, non milaka pertsonak urtebete baino gehiago itxaroten duten baloratuak izateko.
Laguntza pertsonala eskubide gisa aitortzea, zerbitzu hori eskaintzen duten profesionalek enplegua eskuratzeko eta beren lana egiteko prestakuntza-esparru batekin batera.
Laguntza pertsonala jasotzeko aukera zabaltzea. Neurriak eragin berezia izango du Bizkaian; izan ere, gaur egun prestazio hori desgaitasuna duten pertsonetara mugatzen da, eta ez da mendetasun-egoeran dauden pertsona guztietara iristen.
Bizitza independentea izateko eskubidea txertatzea, EH Bilduk Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazioaren ekarpenetik abiatuta proposatutako definizioaren bidez.
Plazen titulartasunari buruzko gardentasun handiagoa, informazio hori zerbitzuen katalogoko funtsezko datuen artean txertatuta.
Prestazio ekonomikoaren behin-behineko izaera, plaza publikorik erabilgarri ez dagoen bitartean, laguntza horiek administrazioek bermatu behar dituzten zerbitzuak modu iraunkorrean ordezka ez ditzaten.
Genero-ikuspegia eta hizkera ez-sexista txertatzea, pertsona zaintzailearen figura aitortzea eta zaintzen duena zaintzeko eskubidea jasotzea.
Erreformak, halaber, etxebizitza babestuen kupoa bermatzea eta desgaitasuna duten edo mendetasun-egoeran dauden pertsonen sexualitaterako eskubidea aitortzea jasotzen ditu.
Pozuetak nabarmendu du itxaronaldiak murriztea «justizia eta duintasun kontua» dela, eta laguntza pertsonala «ez dela baliabide osagarri bat, autonomia, askatasuna eta hautatzeko gaitasuna bermatzeko tresna erabakigarria baizik» defendatu du.
EH Bilduren ustez, erreformak aurrerapauso bat dakar, baina oraindik ere badaude landu beharreko gai garrantzitsuak. Formazioak prestazioak eskaera egin zen egunetik atzeraeraginez jasotzea, hainbat kolektiborekiko zor historikoak aitortu eta konpontzea eta mendetasunaren kontzepzio zabalagoa defendatzen jarraituko du, pertsona batek aldi baterako laguntza behar duen egoerak ere aintzat hartuko dituena. Aurrerapauso horiek zaintza-ereduaren eraldaketa sakonago baten parte izan behar dute.
EH Bilduk koordainketa ezabatzea eta zaintza pertsonalarekin zuzenean lotutako zereginak modu publikoan estaltzea aldarrikatzen jarraituko du, eskubidea aitortua duen pertsonak inolako ordainik egin behar izan gabe. Hori posible izan dadin, Pozuetak finantzaketa nahikoa, egonkorra eta egiturazkoa bermatzeko beharra azpimarratu du. Finantzaketa horrek langile gehiago kontratatzea, balorazioak arintzea, itxaron-zerrendak murriztea eta zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetu behar du. «Finantzaketa nahikorik eta egonkorrik gabe, eskubideak paperean geratzen dira», ohartarazi du.
Ildo berean, EH Bilduk defendatu du diru publikoarekin finantzatutako eta irabazi-asmoz kudeatutako plaza pribatu bat ezin dela arreta-eredu gisa finkatu. Helburua sare publiko, nahiko, hurbil eta kalitatezko baterantz aurrera egitea izan behar da, zaintzak bermatuko dituena pertsonaren gaitasun ekonomikoa edo bizilekua edozein direla ere.
Eredua eraldatzeko, baina, zaintzak banatzeko modua ere aldatu behar da. Zentzu horretan, Pozuetak gogorarazi du historikoki zaintzak emakumeen gain erori direla, haien lan-, ekonomia- eta bizi-aukerak baldintzatuz. «Zaintzak erantzukizun kolektiboa dira, eta ez biztanleriaren erdiaren gain erori behar duen zama», azpimarratu du.
EH Bilduk balioan jarri du mugimendu feministak, bizitza independentearen aldeko mugimenduak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteek, pertsona zaintzaileek eta aldaketa hori sustatzeko urteak daramatzaten kolektiboek egindako lanari. Lortutako aurrerapausoak haien antolakuntza eta aldarrikapen kolektiboaren emaitza ere badira.