AKTUALITATEA


| 2021-04-13 10:19:00

Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartutako Lege Proposamena Diputatuen Kongresura iritsi da astearte honetan, egitasmoa legebiltzarrean babestu zuten talde parlamentarioen eskutik. Eba Blanco legebiltzarkideak hitz egin du EH Bilduren izenean, eta biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko premia nabarmendu du: "Ez da konpentsazio funts hau eskatzen dugun lehen aldia, talde parlamentario guztien agindu bateratu argiarekin gatoz. Eta biktimekiko elkartasunagatik egiten dugu. Milaka kaltetuei justizia eskaintzeko behingoz".

Kongresuan egindako hitzartzean, Blancok hitzeman du ezkerreko indar subiranistak lanean jarraituko duela "zeharkako hiltzaile isil horren biktima izan diren pertsona guztiei dagozkien eskubideak gauzatu arte". "Dagoeneko ia hamar urte daramatzagu istorio triste honekin". Etenak jasan ditu 10 urteko lan horrek, bai hauteskunde-hitzorduengatik eta baita beto politikoengatik ere, konpentsazio-funts hori sortzeko atzerapena besterik eragin ez dutenak. Oskar Matute diputatuak, berriz, Asviamie elkarteak idatzitako gutun bat irakurtzeko baliatu du bere hitzartzea.
 

Eskertza mezua Asviamie elkarteari

Blancoren arabera, biktimentzat ulertezina da atzerapen hori. "Ez da ulergarria gehiengoaren borondateari oztopo burokratikoak eta administratiboak jartzea beste behin; eztabaidak, osoko bilkurak eta egitasmoen tramitazioa etengabe atzeratuz. Biktimen eskaera da guk hona ekartzen duguna. Erakundeak ez dira aintzat hartzen ari haien eskubidetzat jotzen duguna".

EH Bilduko legebiltzarkideak eskerrak eman nahi izan dizkie elkarteei, batez ere Asviamieri, azken 10 urteotan egindako bultzadagatik eta Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde parlamentario guztiei urteotan egindako lanagatik. "Gaur berriro hemen bagaude, beraien insistentzia eta esfortzuari esker da", nabarmendu du.

Gaurkoa bigarren aldia da legebiltzarkideek Kongresuan Lege Proposamen hau aurkeztu dutena; 2017ko urriaren 10ean egin zen aurrekoa. Blancok ohartarazi duenez, amiantoak presentzia izaten jarraitzen du enpresa askotan; izan ere, amiantoaren erabilera eta merkaturatzea duela urte batzuetatik debekatuta egon arren, material hori modu masiboan erabili da hiru hamarkadatan. "Eta gaur egun ere, amiantoak osasuna kaltetzen jarraitzen du, material asko baitago bertan. Enpresa batzuek ez dakite amiantoarekin lan egiten dutenik ere".
 

Amiantoaren eraginez hildako langileak

1999tik 2018ra bitartean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 825 pertsona hil ziren amiantoaren ondorioz. Espainiako Estatuan, berriz, amiantoak 6.961 lagun hil ditu 19 urte horietan.

"Oso zaila da zehaztea zenbat pertsonak jasan dituzten amiantoaren eraginak, ezta zenbat denboraz. Oro har, amiantoak eragindakoak zehazki kuantifikatu ezin ditugun arren, kontuan hartu beharreko zenbait datu ditugu. Zifra beldurgarriak dira, eta horien atzean gizon, familia eta emakume askoren sufrimendua ezkutatzen da", azaldu du Blancok, eta ohartarazi gaixotasun isil, hilgarri eta sendaezin horrek biktima berriak eragiten jarraituko duela, gutxienez 2023ra arte, orduan amaitzen baita latentzia-aldia.

Amiantoaren biktimen heren bat beren lantokian gaixotu diren emakumeak dira, baina baita lanetik kanpoko arrazoiengatik gaixotu direnak ere, bai ingurumena kutsatu dutelako, bai beren etxeetan amianto-zuntzak zituen laneko arropa garbitu dutelako. Blancok eskatu du joan den legegintzaldian osatutako lantaldearen lanei berriro heltzeko. Orduan adostutakoari erreparatzeko eta ezberdintasunak alde batera uztea galdegin die talde parlamentarioei, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat ahalik eta lasterren sortzeko.

"Ezin da hutsetik hasi, ezin baitugu atzerapen berri bat onartu, eta atzerapen hori ez genuke ulertuko, eta ez litzateke bidezkoa izango gizartearentzat. Baina, batez ere, amiantoaren biktima guztientzat. Egin dezagun daudenengatik, etorriko direnengatik eta bidean geratu diren guztiengatik", amaitu du EH Bilduko legebiltzarkideak Kongresuan.