AKTUALITATEA


| 2021-11-17 18:11:00

Amiantoaren biktimei dagozkien kalte-ordainak emateko funtsa sortzea adostu du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Espainiako Gobernuarekin. Zehazki, amiantoaren eraginpean dauden biktimentzat 25 milioi euroko konpentsazio funtsa eratzeko zuzenketa sartzea lortu du aurrekontuetan, erakundeek hamarkadetan ahaztutako kolektibo baten aldarrikapen historiko bati erantzunez. «Konpondu gabeko gaia zen, justizia kontua; bazen garaia bidegabekeria honi amaiera emateko eta justizia egiteko. Espainiako Estatuan amiantoaren ondorioz hil diren 7.000 pertsonak ditugu gogoan», esan du Oskar Matute diputatuak.

EH Bilduk ERCrekin batera aurkeztu eta PSOE zein Unidas Podemosekin adostutako erdibideko zuzenketa gaurko bozketan onartu da: 21 diputatuk alde bozkatu dute, 11k abstentziora jo dute eta bakarrak ere ez du aurka bozkatu. Neurriaren onarpenak errealitate anakroniko batekin amaituko du, inguruko beste herrialde batzuen pare jarriz. Horrez gain, biktimen elkarteek eskatu duten bezala, urteetan luzatu den bidegabekeria arintzen lagunduko du. Gaur hitzartutako konpromisoa aurrekontu negoziazioan gobernuarekin lortutako lehen akordioa da, eta hurrengo orduetan akordio gehiago ixtea espero du EH Bilduk.

 

Zor historikoa kitatzeko akordioa

Konpentsazio funtsa martxan jartzeko Espainiako Gobernuaren konpromiso zehatza erdietsi ondoren, neurriaren garrantzi politiko eta soziala nabarmendu du EH Bilduk, euskal herritarren zati handi batentzat duen esangura bereziagatik. «Albiste oso ona da bai Euskal Herrian eta baita Estatuko gainontzeko lurraldeetan ere amiantoaren ondorioz kaltetutako guztientzat, zor historikoa kitatzeko balio baitu, bereziki, Euskal Herriko eremu industrialetan».

Hori bai, ezkerreko indar subiranistak jakinarazi du lanean jarraituko duela hurrengo orduetan, aurrekontu proiektua hobetu dezaketen zuzenketa berriak hitzartzeko, betiere euskal herritarren eta langile klasearen mesedetan. Inbertsio ekonomikoetan, tren azpiegiturak zaharkituak hobetzeko lanetan edo erabilera kulturalerako espazioak berreskuratzean jarri du fokua EH Bilduk.

Azkenik, Matutek eskerrak eman dizkio Asviamie kolektiboari urte hauetan guztietan egindako lan eskergagatik: «Amiantoak kaltetutakoen bultzadari eta borroka nekaezinari esker lortu dugu gaurko pauso garrantzitsua. Haiek gabe, ezinezkoa litzateke».