Euskal Herria Bilduk akordioa egin du Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioarekin, alargun pentsioak 1.775 € y 3.800 € artean igotzeko datorren lau urteetan eta kotizaziopeko pentsioekin parekatzeko. Akordio horri esker, 2024tik aurrera gutxieneko alargun pentsioak 40 € eta 126 € artean igotzea erdietsi du EH Bilduk. Pentsio indibidualak %17 handituko dira; kargak dituzten alargunenak, berriz, %30. Igoera hori progresiboa izango da hurrengo lau urteetan, 2027ra arte; igoera handiena lehen urtean ezarriko da, 2024an.
Kotizazio gabeko pentsioekin batera, alargun pentsioak dira gaur-gaurkoz pentsio baxuenak; emakumeak prekarietatean bizitzera kondenatzen dituen genero osagai argia dute pentsio horiek. EH Bilduk lortutako akordioak pentsio kontributiboekin parekatuko ditu alargun pentsioak, pentsiodunen mugimenduak eginiko aldarrikapen historiko bati erantzunez. Adostutako igoeren ondorioz, aurrerantzean ez da alargun pentsiorik egongo pobreziaren mugaren azpitik. Hitzarmenak segurtasun, egonkortasun eta ongizate handiagoa emango die alargun pentsio minimoak kobratzen dituzten emakume guztiei, 2024an hilean 40 € eta 126 € artean igoko zaizkielako pentsioak. Igoera horiek modu progresiboan egingo dira 2027ra bitarte.
Kotizazio gabeko pentsioen %15eko igoera, betiko
Finean, gobernuak pentsioen erreforman jasotakoa hobetzea eta zeuzkan gabeziak zuzentzea lortu du EH Bilduk, alargun pentsioen igoera gobernuak gaur onartu duen proiektuan txertatuta. Gainera, bi urterako adostua zuen kotizazio gabeko pentsioen %15eko igoera legez finkatzea erdietsi du ezkerreko talde subiranistak. Igoera hori, beraz, 2024tik aurrera ere aplikatuko da, eta iraunkorra izango da aurrerantzean.
Akordioaren bidez egindako hobekuntzekin, eta mahai gainean jarritako bi eskakizun nagusi betetzearekin batera (pentsioen zenbaketa urtea nahitaez ez luzatzea eta gutxieneko pentsioak igotzea), EH Bilduk uste du gobernuak proposatutako erreforma bidezkoagoa dela orain, pentsiodunen defentsan eta babes sozialean aurrerapausoak ematen dituelako. Gaur lortutako akordioari esker, EH Bilduk ez du oztopatuko gobernuak laster Kongresura eramango duen lege dekretuaren onarpena.