Iruñea

Albisteak

Udaleko sare sozialetan elebitasuna bermatzeko agintzen duen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epaiak agerian utzi ditu eskuineko hirukoaren euskarafobia eta kudeaketa traketsa, EH Bilduren ustez


| 2020-07-29 14:46:00

Koalizioak ebazpena berehala betearazteko eskatu dio Mayari, eta liskarra piztu eta bere “kudeaketa kaskarra” estaltzeko helburuarekin  euskarari egiten dizkion erasoak bertan behera utz ditzala exijitu dio

 

EH Bilduren ustez, Iruñeko Udaleko sare sozialak hizkuntzaren arabera banatzeko erabakia bertan behera uzten duen Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epaiak hiru alderdi uzten ditu agerian: "Lehenik eta behin, eskuineko hirukoak euskarari arrazoirik gabe eta legedia urratuz erasotzeko duen obsesioa; bigarrenik, Enrique Mayaren gobernu-taldearen kudeaketa larderiatsua, erabakiak aldebakartasunez hartzeko joera dela eta; azkenik, eskuineko hirukoaren kudeaketaren aurkako erabaki judizial sorta bat aurreikusten du, eta horrek Udalaren irudiari kalte egiteaz gain, iruindarren artean identitate liskarrak sortzeko obsesioak eragindako txapuzak konpontzeak kostu ekonomikoa ekarriko duela.

Koalizio subiranistak Iruñeko Udaleko profil instituzionalak elebitasuna bermatzeko lehen zeuden erara itzultzeko eskatuko dio eskuineko hirukoari, izan ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazten duen moduan, elebitasuna bermatzeko Iruñeko bi hizkuntza koofizialak (euskara eta gaztelania) euskarri berean berdintasunez tratatu behar dira. "Gaitzesgarria da eskuina 30 urtez boterean mantendu zuten identitate liskarrak berpizteko euskara erabili nahi izatea, baina are larriagoa da estrategia hori erabiltzea beraien kudeaketa kaskarra eta hirian eragin duten paralisia estaltzeko", salatu du EH Bilduk. "Euskarafobia, atzerapausuak, aldebakartasuna, gezurrak eta paralisia, bost hitz horiek definitzen dute eskuineko hirukoaren kudeaketa legealdiaren lehen urte honetan, eta hori da estali nahi dutena", gaineratu du.

Udalarentzat ere oso larriak dira jokabide horren ondorioak, koalizioak gogorarazi duenez. "Bi adibide bakarrik jartzearren, gogora ekarri nahi dugu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen jarduna justifikaziorik gabe zentsuratu zela, eta zentsura hori zalantzatan jarri zuela epaileak, horrek Udalari ekarriko dion kalte-ordainarekin; bestetik gobernu-taldeak hiriko zortzi auzotako prebentzio-taldeen kontratuak aldatzeko erabakiak ekari ditzakeen ondorioak. Erabaki hori bertan behera utzi zuen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak duela astebete".

Eskuineko hirukoaren gobernatzeko modu "lardaskari eta sektarioaren" aurrean, EH Bilduk baieztatu du "erne jarraituko" duela, eta "herritarren interes orokorra defendatzeko gure esku dauden tresna administratibo eta juridiko guztiak” erabiliko dituela, baldin eta Navarra Sumak gehiengoen irizpidea mespretxatzen jarraitzen badu.