AKTUALITATEA


| 2020-07-17 14:09:00

Koalizioak Ordenantza horren lehen xedapen gehigarria baliogabetzeko ere eskatu du, eskuineko hirukoak "isilka misilka" sartu zuen  "elebiduna" terminoaren interpretazio "murriztailea" jasotzen baitu

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak gorako helegitea aurkeztu du Nafarroako Administrazio Auzitegian (NAA), eskuineko hirukoak 'Ez Sanferminetan' udaletxearen aurrealdean zabaldu zuen zapi erraldoian euskarari emandako tratamendu diskriminatzailearen aurka. Halaber, helegiteak ez du soilik material hori deuseza deklaratzea eskatzen; aitzitik, pauso bat harago doa, eta zalantzan jartzen du egungo Euskararen Ordenantzaren xedapen gehigarria, udal gobernuak onartua eta, koalizioaren ustez, "Elebiduna" kontzeptua desitxuratzen duena.

Errekurtsoa bi argudiotan oinarritzen da: lehenik eta behin, indarrean dagoen ordenantzaren edukia bera, zeinak euskara eta gaztelania "Iruñeko Udalaren eskumeneko hizkuntza-paisaian presentzia bera izango dutela" dioen, eta, bigarrenik, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren jurisprudentzia, 2002ko azaroaren 14ko epaian argi uzten baitzuen, Hizkuntza koofizialei dagokienez, “elebiduna” terminoak ezartzen duela "tratamendu berdina" aplikatu behar zaiela bi hizkuntzei euskarri berdina erabiliz, ez bi euskarri ezberdindu eginez.

"Eskuineko Hirukoak duen gobernatzeko modu autoritario, aldebakarreko eta aniztasunarekiko mespretxuaren beste adibide bat da hau. Argi dago nahiago dutela euskarari eraso egin eta liskarrak sustatu aurreko legegintzaldian hasitako bizikidetza bideari eustea baino", adierazi du EH Bilduk. Baina "Biziko ditugu" kanpainarekin, Enrique Maya buru duen taldeak "ilegalitateen gobernua" ren irudian sakontzen du, "beren ordenantzei muzin egiten dietelako errealitatearen ikuspegi sektarioa inposatu nahian, Corpusaren prozesioarekin egin zuten bezala, horren kostuaren zati bat iruindari guztion gain ezarriz".

Udal-eremua gainditzen duen interpretazioa eta tratu diskriminatzailea

Helegiteak gogorarazten duenez, euskararen ordenantza honen 8. eta 9. artikuluek zehazten dute "Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko dituela herritarrei oro har zuzentzen zaienean", eta kartel eta liburuxka ofizialak "elebidunak izango direla". Era berean, ordenantza honen bigarren xedapen gehigarriak honako hau adierazten du: "Euskarak eta gaztelaniak presentzia bera izango dute Iruñeko Udalaren eskumeneko hizkuntza-paisaian, eta, beraz, bi hizkuntzetan berdinak izango dira edukia, tamaina eta kontrastea aipatutako hizkuntza-paisaia osatzen duten kale-plaken, seinaleen, kartelen eta gainerako elementuen errotulazioan". "Hori, jakina, ez da betetzen kasu honetan: kartelaren elementu guztiak ez daude bi hizkuntzetan, #Sanfermines behealdean gaztelania hutsez baitago; #LosViviemos gaztelaniazko testuaren tamaina askoz handiagoa da euskarazko testua baino, zeina atzerriko hizkuntzekin alderatzen den, hala nola frantsesera eta ingelesera", azaldu du helegiteak.

Bigarren argudio juridikoari dagokionez, EH Bilduk salatu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2002ko azaroaren 14ko epaian emandakoarekin kontraesanean dagoela, eskuineko hirukoak Euskararen Ordenantzari gehitu zion lehen xedapen gehigarriak jasotzen baitu elebitasuna euskarri ezberdinduetan bermatzea. Koalizioak dio eskuineko hirukoak onartutako testuakzuen "arautzen duen euskararen kontzeptu elebiduna ez datorrela bat elebitasunaren zentzu etimologikoarekin ezta aurretik aiàtutako epaiak finkatu  zentzuarekin”.

Era berean, xedapen gehigarri horrek urratu egiten ditu, gutxienez, goragoko mailako beste administrazio-xedapen batzuk, lege orokor eta uniforme bati soilik dagozkion gaiak, eta, kasu honetan, euskarri elebidunei dagokienez, "Argi eta garbi jasota dago azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena". "Ez dagokio udal-ordenantza bati maila ezberdinetako arau askori eragiten dien kontzeptu orokor bat arautzea, hori lege orokor batek baino ezin du egin. Nafarroako udalerri bakoitzean ezin da termino elebiduna modu ezberdinean interpretatu", dio helegiteak. "Ba al du zentzurin Elebiduna terminuak esanahi juridiko ezberdina izatea Iruñean, Antsoainen edo Arangurenen?", azpimarratu du.