AKTUALITATEA


| 2022-02-09 14:53:00

Alderdi soberanistak LAB sindikatuak egindako abisuaz ohartarazi du eskainitako plazetatik 51k arazoak sor ditzaketela


Iruñeko Udaleko EH Bilduren Udal Taldeak Hezkuntzako zinegotzi arduraduna Fernando Sesmaren (Na+) agerraldia eskatu du, Haur Eskolen LEP-ko ustezko irregulartasunen inguruko salaketak argitzeko. Eskaera atzo LAB sindikatuak egindako salaketan oinarritzen da; izan ere, 2021eko Lan Eskaintza Publikoaren aurkako errekurtsoa iragarri zuen, argudiatuz eskainitako lanpostu batzuek ez dutela berme juridikorik; horrek, deialdia abian jarri ondoren, errekurtso ugari eraginen ditu, eta geldiaraz ditzakete, horrek ekarriko lituzkeen kalte eta eragozpen guztiekin. Alderdi soberanistak azaldu duenez, ezinbestekoa da gai hori argitzea, ez soilik horrelako gai batek Udalarentzat ekar ditzakeen ondorio ekonomikoengatik, baizik eta, batez ere, familia erabiltzaileentzat kaltegarria izanen litzatekeelako ikasturte erdian egoera irregularrean edo prekarioan dauden eskoletako langileekin egotea.

Sindikatu abertzaleak atzo argitaratutako salaketaren arabera, joan den abenduan argitaratutako 2021eko LEPko 51 lanpostuk arazoak sor ditzakete ekarpen ekonomikorik ezagatik (47 egonkortzekoak eta 4 berrezartzekoak), Lan Eskaintza Publikoa onartu zenean indarrean zegoen plantilla organikoan jasota ez egoteagatik, birjartze-tasarik ez izateagatik edo epez kanpo argitaratzeagatik. Egoera hori baieztatuz gero, oso larria litzateke gobernu taldeak, jakinaren gainean egonik eta ohartarazita egonik, deialdi honekin aurrera jarraitzea, aurretik azalpen tekniko eta juridiko zehatzak eman gabe, dio EH Bilduk agerraldiaren eskaera justifikatzeko. «Bilatzen duguna da segurtasun juridiko osoa ematea lan eskaintza publiko garrantzitsu honi», argitu du.

Era berean, alderdi abertzaleak LABek Iruñeko haur eskoletarako plazak sortzeko eta LEPak egiteko dituen planteamenduekin bat egiten du, are gehiago azken deialdiak 2003an (20 plaza) eta 2007an (3 plaza baino ez) egin zirenean, eta horrek behin-behinekotasun tasa oso handia eragiten du horietan lan egiten duten pertsonen artean. Hori bai, LEP hau berme guztiekin egitea eskatzen du.