AKTUALITATEA


| 2020-06-25 13:55:00

Hiru taldeen ustez gobernu-taldearen "paralisiaren" eta Covid osteko krisiaren ziurgabetasunaren aurrean "premiazkoa" da plan zehatz eta zabal bat izatea, eta "berehala" martxan jartzea

 

EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek elkarrekin defendatuko dute datorren uztailaren 2ko Osoko Bilkuran Krisiaren Aurkako Etxebizitza Plana. Plan horretan, besteak beste, honako konpromiso hauek hartzen dira: etxebizitza birgaitzeko programarekin jarraitzeko Finantza Inbertsio Iraunkorretan milioi bat euro bideratzeko konpromisoa, eta etxebizitza hori larrialdi egoeretarako erabiltzea; babes ofizialeko alokairuko 350 etxebizitza  proiektua bultzatzea,zaurgarritasun egoeran dauden gazte eta familientzat, eta elkarlaneko etxebizitzak sustatzeko partzelak ateratzeko konpromisoa. Horrela jasotzen da hiru taldeek sinatu eta datorren Osoko Bilkuran aurkeztuko duten mozio batean. Bertan, neurri horiez gain, Enrique Maya alkateari "arduraz" jokatzeko eta plana "berehala" martxan jartzeko eskatzen zaio.

Larrialdi egoeretarako etxebizitzari dagokionez, zaurgarritasun egoeran dauden familientzako etxebizitzak alegia, honako konpromiso hau hartu da: "1.000.000 euro aurreikustea Finantza Inbertsio Iraunkorretan, etxebizitzak eta udal-eraikinak birgaitzen jarraitzeko". Horretarako, bi kokaleku nagusi proposatu dira: San Pedro auzoa eta II. Zabalguneko merkatuaren gaineko eraikina.

Alokairuko etxebizitza sozialari dagokionez, oposizioko hiru taldeek honako hau defendatu dute: "errenta baxuko gazteen emantzipazioa batetik, eta bestetik errenta oso baxua duten baina alokairu handixeagoa hartzeko aukera duten familia zaurgarrien emantzipazioa bultzatzea". Proposamenak berreskuratu egiten du Nafarroako Gobernuari egin zitzaion udal-partzelen eskaintza 350 etxebizitza inguru sustatzeko, eta etxebizitza horiek bi kolektibo horien artean banatuko lirateke %50ean. "Funts putreen aurkako klausula" aurreikusiko luke proiektu horrek, eta Udalari 1.500.000 euroko diru-sarrera ekarriko lioke lursailak lagatzeagatik. Lagapena amaitzean (50/75 urte), lurzatiak eta eraikinak Udalaren jabetzakoak izango lirateke berriro.

Hirugarrenik, eta elkarlanerako etxebizitzei zein kooperatiba erregimenean dauden adinekoen egoitzei dagokienez, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik adostutako proposamenak hauxe eskatzen dio gobernu-taldeari: "Ahalik eta lasterren" zuzkidura-lurzatien lehiaketa deitzea, "aurreko agintaldian aurreikusita zegoen eta udal-talde guztiek aho batez babesten zuten proiektu izanik". “Adinekoen zaintza hobetzen eta zahartze aktiboa sustatuko duten bizileku-irtenbideak bultzatzea da helburua".

Covid osteko krisiaren ondorioei aurre egiteko beharra

“Agintaldi honen hasieratik adierazi dugu etxebizitzaren gaia lehentasunetako bat dela gure udal-taldeen agenda sozialean, aurreko agintaldian izan zen bezala”, adierazi dute hiru alderdiek, eta gogorarazi dute azken urte honetan etxebizitza-plan integral eta eraginkor bat eskatu dutela, "baina ez dugu aldeko erantzunik jaso Maya alkatearen eta bertako arduradunen aldetik. EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen ustez gobernu taldeak gai horri buruz egindako iragarpenak "gaur egun dauden lursailen errepaso soila da, zehaztasunik eta programarik gabea, eta, hartara, inolaz ere benetako etxebizitza plan bat egiteko asmorik gabea. Izan ere, Udalarenak diren lur sailak dirua lortzeko irizpide bakarrarekin saltzen dituzte”. 

"Berez Etxebizitzaren gaiari ekitea premiazkoa bazen, udal gobernuaren paralisia eta ziurgabetasuna ikusita are beharrezkoagoa da,  kontuan hartuta jada itxita eta adostuta dagoen plan batek ibilbide luzea behar duela benetako etxebizitzak eraiki arte. Honelako krisialdi egoera batek eskatzen duen erantzukizun politikotik abiatuta, proposamen zehatza, eraginkorra eta gauzagarria ekarri dugu Osoko Bilkura honetara, dagoeneko baduelako Nafar Gobernuaren adostasuna finantziazioari dagokionez.