Iruñea

Albisteak

Eh Bilduk Gaztelu Plazan dagoen #LosViviremos kanpainaren kartel erraldoia Euskararen Ordenantza errespetatuko duen beste elebidun batengatik ordezkatzeko eskatu dio eskuineko hirukoari


| 2020-07-22 16:15:00

Koalizioak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du Udalean bertan, eta gogorarazi du, ordenantzaren arabera, kartel ofizialak gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon behar direla

 

EH Bildu taldeak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu du Iruñeko Udalean, Gaztelu plazan jarritako #LosViviremos kartel erraldoiak Euskararen Ordenantza bete dezan eta erabat elebiduna izan dadin eskatzeko. "Eskuineko hirukoa euskararen aurkako jarrera obsesiboa erakusten ari da behin eta berriz, eta, gainera, beraiek onartutako ordenantza urratu du, harrokeriaz eta aldebakartasunez, hirian liskarrak sustatu asmoz. EH Bilduk jarrera gaitzesgarri hau salatzen jarraituko du ", adierazi du koalizioak.

EH Bilduk aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoak eskuineko hirukoak martxoan onartutako Euskararen Ordenantzaren 8. eta 9. artikuluak ditu oinarri. Artikulu horien arabera, "Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei oro har zuzentzen zaienean", eta kartel eta liburuxka ofizialak "elebidunak izango dira elementu guztietan". Era berean, gogorarazi du ordenantza honen bigarren xedapen gehigarriak honako hau xedatzen duela: "Euskarak eta gaztelaniak presentzia bera izango dute Iruñeko Udalaren eskumeneko hizkuntza-paisaian, eta, beraz, bi hizkuntzetan berdinak izango dira edukia, tamaina eta kontrastea aipatutako hizkuntza-paisaia osatzen duten kale-plaken, seinaleen, kartelen eta gainerako elementuen errotulazioan".

Aurtengo “Ez Sanfermientan” udaletxeko fatxadan jarritako zapi erraldoiarekin gertatu zen bezala, kasu honetan #LosViviremos gaztelaniazko testua euskarazko testua baino askoz handiagoa da. "Kartel horrek gaztelaniaz eta euskaraz egon beharko luke elementu guztietan, eta presentzia bera izan beharko lukere bai edukian, bai tamainan, bai errotulazioaren kontrastean. Kartel erraldoi hau leku publikoan dago ikusgai hilaren 3tik eta uda osorako, iragarri dutenez, eta argi dago hiri honetako paisaia linguistikoaren zati bat dela, espazio publikoetan ikusgai dauden irudikapen idatzi guztiak diren bezala", dio idatziak.

Gobernu taldeak 30 egun ditu berraztertzeko helegite horri erantzuteko, baina EH Bilduk "bidegabekeria hori lehenbailehen konpontzeko" eskatu dio, "epea amaitu arte itxaron gabe; izan ere, hori egin ezean, fede txarra erakusten ariko lirateke, euskararen berdintasunezko tratamendua saihesteko prozeduraren luzapena agerian geratuko bailitzateke".