Iruñea

Albisteak

EH Bilduk 'Ez Sanferminetan' herritarrek eman duten gizalegetasun eredua goraipatu du, eta Mayaren jokabide nahasgarria zein neurtzeko neurri bikoitza salatu eta euskararekiko diskriminazioa kritikatu ditu


| 2020-07-14 14:09:00

Koalizio subiranistak azalpenak eskatuko dizkio alkateari ekitaldi erlijiosoetan tratu mesedegarria onartzeagatik eta irudi instituzionalean Euskararen Ordenantza urratzearen ondorioz neurriak hartzea aztertzen ari da

 

Iruñeko EH Bilduren ustez “Ez Sanferminen” garapena baldintzatu dituzten hiru ezaugarriak hauexek dira: herritarren portaera eredugarria, gobernu taldearen jarrerek sortu duten nahasmena eta, beste behin ere, irudi instituzionalean euskarak duen diskriminazioa. "Iruñeko herritarrak gizalegearen, erantzukizunaren eta heldutasunaren adibide izan dira, eta mundu guztiari erakutsi diote egoerak hala eskatzen duenean Iruñea konplitzen dakien hiria dela, iruindarren kontzientzia zibikoari esker", esan du koalizio subiranistak.

"Eh Bildutik herritarrak zoriondu nahi ditugu eta gure eskerrik beroena helarazi nahi diegu izan duten jokabide eredugarri horrengatik, udal gobernuko agintariek bidalitako mezu nahasi eta kontraesankorren gainetik egon baitira", hausnartu du EH Bilduk. "Erantzukizun horren froga argia da agerian geratu dela azken egunetako polizia erakustaldia. Gehiegizko presentzia poliziala ez da inolaz ere justifikagarria, ez bada iruindarrek sanferminak bertan behera uzteari nola erantzungo zioten zalantzak zituztelako", gaineratu du koalizioak. "Oro har, eta kuadrillen ospakizun pribatuekin zerikusia duten Covid kasu berriak izan ezik, zeintzuei lehen bai lehen sendatzea opa diegun, esan daiteke udal gobernuan sinesten ez zuten normaltasunez igaro direla egun hauek", esan du koalizioak.

Balantzaren bestaldean, EH Bilduk bi gai negatibo nabarmendu ditu: alkatearen eta bere gobernu taldearen eredugarritasun falta eta euskararen diskriminazioa irudi instituzionalean.

Lehenengo gaiari dagokionez, "erabat kritikagarria da Enrique Maya alkatea, Osoko Bilkuraren gehiengoaren irizpideari muzin eginez, San Lorentzo parrokiako ospakizun erlijiosora joan izana, mesede-tratua jasoz eta lehen ilaran eseriz, tratamendu berezi hori ez baitzaio fededun izateagatik eman, baizik eta alkate izateagatik", salatu du EH Bilduk. "Beste behin ere, eskuineko hirukoak erakutsi du neurtzeko neurri bikoitza erabiltzen dutela, ekitaldi jakin batzuk debekatu baitituzte,  beraien publikoari gustatzen zaizkienak edo beraien erlijio sinismenei dagozkienak sustatu dituzten bitartean", gaineratu du koalizioak, eta uda osteko lehen Presidentzia batzordean Mayari azalpenak eskatuko dizkiola iragarri du. Uztailaren 6an eguerdiko 12etan Udaletxeko fatxadan zapi erraldoi bat zabaltzea edo Ziudadelan ordainpeko kontzertuak antolatzea ere aipatu ditu adibide gisa EH BIlduk: "Na+ek EZ Sanferminak kudeatzeko erabili duen nahasmena erabat interesatua izan da, proiekzio mediatikoa bermatuko dien sasi txupinazo bat antolatuz eta asteburua apaintzeko publiko guztientzako musika eskaintza egin beharrean beraien gustukoa den eta ordaindu ahal dunearentzako eskaintza eginez.

Hirugarren hausnarketa elementu gisa, EH Bilduk Iruñeko Udalaren irudi instituzionalean eskuineko hirukoak euskarari egindako diskriminazioa salatu du; izan ere, "diskriminazio hori oso nabaria izan da udaletxeko fatxadan zabaldutako zapian, non hiriko bi hizkuntzetako bat hizkuntza arrotz gisa tratatu duten kanpoko hizkuntzekin parekatuz, hala nola ingelesarekin edo frantsesarekin". "Euskarafobia Navarra Suma definitzen duen ezaugarrietako bat da, baina ezin da onartu beraiek onartutako ordenantzari muzin eginez borroka identitarioa sustatzea. Euskara berezko hizkuntza duten iruindarrei egindako eraso honek ez du inolako justifikaziorik", adierazi du koalizio subiranistak. Horren harira, EH Bilduk aurreratu du "zuzenketak, erantzukizunak eta barkamena" eskatzeko beharrezkoak diren ekintzak aztertuko dituela.

Azkenik, eta 'Ez Sanferminak' amaitzeko ordu gutxi batzuk falta direnean, koalizio subiranistak "2021eko Sanferminetan elkartzeko" gonbita luzatu die herritarrei, eta, aurreko legegintzaldian egin zen bezala, Sanfermin herrikoienak berreskuratzeko lanean jarraituko duela iragarri du, “jendeak, peñek, auzo erakundeek eta hiri honek egiten duten lanari esker baitira Sanferminak munduko jai onenak”.