AKTUALITATEA


| 2020-05-25 13:03:00

Era berean, Sanferminetan Udalak programatu ditzakeen ekitaldiak udal taldeen artean adostuta egotea eskatu du koalizioak

 

Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldeak adierazpen bat aurkeztuko du bihar Presidentezia Batzordean zeinean Udalak, deskonfinamendurako aurreikuspenak betez, espazio publikoan kultur ekintza herrikoiak bultzatzea eskatzen den, betiere pandemia kontrolatzeko ezarritako osasun-neurri guztiak betetzen badira. Zehazki, eskaera Herritarren Segurtasunerako Arloari zuzentzen zaio, hura baita nahitaezko baimenak emateko organo eskuduna. Aurrera ateraz gero, adierazpen horrek ahalbidetuko luke, adibidez, gaitari edo trikitrilariak auzoetako jaietan kaleak animatzera irtetzea. Orain arte jarduera horretarako baimenak ukatu egin dira, Sanduzelai, Mendillorri eta Txantreako jaietan esaterako.

"Tokiko administraziook herritarren kulturarako sarbidea bermatu behar dugu eta, zentzu horretan, Iruñeko Udalak gure hiriko kultura babestu behar du", dio adierazpenak. "Une honetatik aurrera, kultura-programazioa egiteko arau-esparru berri bat irekitzen da, eta hori aprobetxatu behar dugu", gaineratu du, orain kultur ekimenak egiteko baimenak ukatzeak zentzurik ez duela defendatuz. “Gure babesa adierazi nahi diegu artista talde herrikoiei, eta kultura-ekimenak eskaintzen jarraitzera animatu nahi ditugu. Gure helburua bikoitza da: hiriko kultura-sektorea babestea, ikusaraztea eta balioestea batetik, eta zuzeneko kultura herritarrengana hurbiltzea bestetik".

Bestalde, Herritarren Aferetarako batzordean, EH Bilduk defendituko du Sanferminei dagokionean Udalak programa ofizialik ez abiaraztea, baldin eta kultur, herri, gizarte edo erlijio ekitaldiak udal taldeekin eta kultur eragileekin adosten ez badira.