AKTUALITATEA


| 2025-01-31 08:31:00

Iruñeko Udaleko EH Bilduk, PSN-PSOEk eta Geroa Baik adierazpen bat aurkeztu dute datorren osteguneko osoko bilkurarako, "Erorien Monumentua izendatutakoa eraldatzeko eta Marvillas Lamberto Interpretazio Zentroa sortzeko akordio politikoa" babesteko.

Testuan, Interpretazio Zentro berriaren edukia definituko duen Adituen Batzorde bat sortzeko eskaria dago, Nafarroako Gobernua sustatzen ari den Memoriaren Institutuaren helburuekin koordinatuko dela ziurtatuz. Gainera taldeek, Erorien Monumentuaren fitxa Udal Katalogoa aldatzeko eskatuko dute.

Bestalde, azaldu dute, proiektuaren kalitatea bermatzeko, "herritarren parte hartzean oinarrituko den proiektuen lehiaketa bat egitea" proposatuko dutela, "akordioaren terminoetara hobekien egokitzen den proposamena hautatzeko helburuarekin".

Era berean, azpimarratu dutenez, dokumentuaren 10. puntuaren arabera, "talde politiko sinatzaileek proiektuen lehiaketa ahalik eta lasterren bultzatzea adostu dute, akordioaren baldintzak eta diziplina anitzeko epaimahaiaren izendapena islatuko dituzten oinarri zehatzak barne". Era berean, "prozesu parte-hartzaile, informatibo eta pedagogiko bat egingo da, Iruñeko herritarren kontsulta barne hartuko duena".

"Eraikinaren eraldaketa eta etorkizuneko Maravillas Lamberto zentroaren kudeaketa Iruñeko Udalaren ardura izango dira. Hala ere, Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza sustatuko da memoriaren politika publikoen esparruan proiektu esanguratsu hau bultzatzeko ", amaitu dute.