AKTUALITATEA


| 2022-10-03 12:47:00

Maria Garcia Barberenak eta Carmen Albak egin duten kudeaketaren iluntasuna eta aldebakartasuna kritikatu ditu talde abertzaleak


EH Bilduren udal taldeak azken bi urteetan xake txapelketaren espedienteaz arduratu diren Navarra Sumako bi zinegotzien kudeaketa gaitzestea defendatuko du Iruñeko Udaleko hurrengo Osoko Bilkuran. María García Barberena, Kulturako titularra, eta Carmen Alba, Turismoko zinegotzi berezia dira, eta haren erabakiek 180.000 euroko gastua eragin dute munduko xake txapelketa baten bi ediziotan. “Txapelketa horren balantzean, jardueraren kostuaren eta hirirako itzuleraren artekoa, neurriz kanpokoa da diru-kutxa publikoentzat”.

Ostegunean eztabaidatuko den EH Bilduren adierazpenak salatzen du “ekitaldi hau diru-xahutze ikaragarria izan dela, bai 2021eko 140.000 euroak bai aurtengo edizioko 40.000 euroak”. Testuak bereziki kritikatzen du “aurtengo edizioan, 40.000 euro horietatik 20.000 euro gastatu direla Madrilen antolatutako ekitaldi gastronomiko batean, San Ferminetako festen egunetan. Zalantzagarria da horrek duen onura gure jaien irudi eta posizionamendu turistikoari dagokionez”.

EH Bilduren udal taldeak salatu duenez, “bigarren urtez jarraian diru publikoa xahutu da sanferminetako programazioarekin bat ez datorren eta irudiari dagokionez ezer eskeintzen ez duen jarduera bat egiteko”. Gogoratu behar da “iazko edizioan (2021), hiriarentzat zuen kostu handiagatik, udal gehiengoa jarduera horren aurka jarri ginela, eta jarrera hori berretsi egin zela jardueraren xehetasun guztiak ezagutu ondoren”. Talde abertzaleak argudiatu duenez, “aurten berriro 40.000 euro gastatu izanak agerian uzten du gobernu talde honek hartzen dituen erabakien aldebakartasuna, baita Osoko Bilkuraren gehiengoaren jarrerekiko mespretxua ere”. Hori dela eta, proposatutako akordioa María G. Barberena eta Carmen Alba zinegotzien kudeaketa gaitzestea da, bigarren urtez jarraian munduko San Fermin xake txapelketaren babesletzan diru publikoa xahutzeagatik.