AKTUALITATEA


| 2019-03-28 19:31:00

Iruñeko Udaleko Alkatetza berresteko hautagaia den Joseba Asironek, zerrendaren aurkezpen ekitaldian baieztatu zuenez, "datozen hauteskundeak eskuinaren eta ezker progresistaren arteko plebiszitua izanen dira". Asironek "konplexutzat" definitu zuen egungo Nafarroako egoera politikoa, non "eskuin atzerakoienak zentzugabekeria batean bat egin duen, Navarra Suma deitu dutena, menpeko Nafarroa alegia", zein bere ustetan "aldaketaren aurkako fronte bat besterik ez den". 

Ekitaldian 200 pertonatik gora bildu ziren eta haien aurrean nabarmendu nahi izan zuen azken urteotan Iruñeko Udaletik egin den lana. "Gaur, lau urteko lanari esker, esan dezakegu Iruñea sozial eta solidarioagoa dela, berde eta jasangarriagoa, justuagoa, partehartzaileagoa, feministagoa eta ekonomikoki osasuntsu eta kulturalki bizirik dagoena". 

Diskurtsoari amaiera emateko, alkateak adierazi zuen hauteskundeetan "hodei beltz bat ageria da ortzimugan, Iruñeak bizi duen udaberriari mehatxuka. Hiru buruko eskuina da, ustelkeriarena, autogobernuarekin bukatu nahi duena eta frankismoa zuritu nahi duena". "Menpeko Iruñea bat nahi dutenen aurrean, Nafarroako autogobernua baztertu dutenen aurrean, Iruñea errebelde bat eraikiko dugu, injustiziari, matxismoari, ultraeskuinari eta gure izaeraren aurkako erasoei aurre egiteko".