AKTUALITATEA


| 2024-09-20 15:28:00

Berriki ezagutu dugu Osasun Sailak Irungo Udalak egindako eskaerak onartu dituela; honen aurrean, hitzetatik ekintzetara pasa eta 2025. urteko aurrekontuetan eskualde honetako osasun zerbitzuak hobetzeko helburua duen diru partida txertatzea eskatzen dugu, Oinaurreko hirugarren anbulatorioaren proiektua egikaritzeko beharrezkoak diren lanak aurreratzearekin batera. Oinaurrekoa bihar bertan martxan jarri daitekeen aukera bakarra da eta Osasun Sailak eskualde honetako herritarrekiko duen zor historiko bat. Beraz, Osasun Bidasoa Plataformak egin bezala, EH Bildutik ere Oinaurren hirugarren anbulatorioa lehentasunez eraikitzea exijitzen dugu.

Egindako azken adierazpenetan, Bidasoko eskualdearentzat osasun zerbitzuen plangintza integral baten beharra dagoela onartu du Osasun Sailburuak. Lanketa hau eskualdeko udal, langile eta eragileekin elkarlanean egitea ezinbestekoa izango da, urteetan sortutako behar desberdinei erantzun iraunkor bat emate aldera. Ezinbestekoa da anbulatorio berriak eraikitzeko proiektuez gain, eraikin horietan kokatuko diren zerbitzuen planifikazioa egin eta eskualdeko osasun sistema osoa indartzeaz aritzea. Zentzu honetan, Osasun Sailak Bidasoaldeko Ospitalean mahai gainean dauden eskaerei erantzun behar diela gogorarazi behar dugu: bosgarren unitatearen gaineko obrak, eta ebakuntza-gelen eraberritze proiektua.

EH Bildutik osasunaren gaia lantzen jarraituko dugu, bai Irundik, baita Legebiltzarretik ere, eta gure eskuan dagoen guztia egingo dugu gure eskualdeko osasun zerbitzuen alde.