Irungo EH Bilduk ez du EAJk biharko udalbatzan eztabaidatzeko aurkeztu duen zaintzaren gaineko mozioa babestuko.


| 2023-11-23 12:00:00

Alderdi abertzalearentzat mozioaren edukian zein aurkeztu den moduetan, argi ikusi daiteke EAJk ez duela zaintza eredu berri baten aldeko itun soziala lortzeko helbururik, eta zaintza erdigunean jarriko duen Greba Orokor Feminista babestu eta bultzatu beharrean, edukirik gabeko estrategia komunikatibo bat lehenestea leporatu die.

Oihana Briones bozeramailearen hitzetan, “EH Bildutik herritarren zaintza eta babesa erdigunean jarriko duen herri proiektu bat eraiki nahi dugu. Instituzio desberdinetatik hori gauzatzen saiatu gara buru belarri, baina EAJk beste alde batera begiratu izan du. Jaurlaritzatik zaintza eredu zehatz bat elikatu da urte hauetan. Egungo sistema EAJren politiken ondorio zuzena da, eta orain, Mugimendu Feministatik antolatutako Greba Orokor baten atarian, zaintza eredu eraldatzaile baten aldeko mozioa aurkezten digute. Ordezkari publiko garenok Azaroaren 30ean mugimendu feministak zabalduko duen mezua entzun eta horren gainean hausnartu behar dugu. Greba hau babestu eta bidaliko den mezua entzuteko unea da, ez fokoa beste leku batera eramateko mozioak aurkeztekoa”.

Bidebatez, taldeak balioan jarri nahi izan ditu gaiaren inguruan lanean dabiltzan mugimendu feminista, sindikatuak, eragile sozial ezberdinak eta hirugarren sektorea. Guztien hausnarketa, ekimena eta proposamenak ezinbestekoak direla azpimarratu du zaintza eredu duin bat eraikitze aldera. Azkenik, Azaroaren 30eko grebara atxikituko direla adierazi dute.