PSEren 2025eko aurrekontuen proposamenak ez du beste alderdien babesik lortu, eta Udal Gobernuak bertan behera utzi du 2025 urteko aurrekontuen onarpena. Egoera honen aurrean EH Bilduk negoziatzen jarraitzeko bere prestutasuna adierazten du.
Oihana Briones bozeramaileak dioenez "Udal aurrekontuen negoziazioak ez dira diru kopuruen eztabaida soil bat, ez dira matematika ariketak. EH Bildutik egin ditugun proposamenak irundarren oinarrizko beharrei erantzuteko egindako proposamenak dira, eta mahai gainean jarri ditugun gaiek jendearen egunerokotasunean pisu handia dute. Gai hauek gizartean duten garrantziaz jabetuta adostasunetara iristeko beste denbora batzuk aurreikusi behar zirela uste dugu, baina Udal gobernuak ez du hori behar bezala neurtu"
Udal aurrekontuek herritarren beharrei erantzuteko planteamendu politikoak barneratu behar dituzte, eta helburu horrekin 15 proposamen egin genituen hilabete hasieran. "Guk ardura horretatik eraiki ditugu gure proposamenak, eta horrek negoziazioaren forma eta denborari kontu handiagoa jartzea eskatzen zuen."
EH Bildutik Udal Gobernuak determinazioz jokatu behar duela mantentzen dugu, eta Irungo erronkei erantzuteko aurrekontuak garaiz onartzeko garrantziaz jabetuta, akordioetara iristeko eskua luzatua izaten jarraituko dugu.